Valentin Larrea konpositorearen obrak berreskuratuko dituzte kontzertu bidez

Dorleta Agiriano Lai 2020ko irailaren 16a

Larrearen senideak, Oier Oiarbide Gabiriako alkatea eta Xabier Barriola musikologoa. (Aimar Maiz)

Irungo Oiasso Kameratak eta Itxaso Aristizabal piano jotzaileak plazaratuko dituzte berriro ere artista gabiriarraren obrak. Larreak uda asko igaro zituen Zarautzen, eta lotura handia zuen herriarekin.

1970. urtean zendu zen Valentin Larrea piano jotzaile eta konpositorea, Iruñean. Gabiriarra zen Larrea eta, aurki, "sorterrira itzuliko da" bere obra. Hurrengo igandean, irailaren 20an, emanaldi zinez berezia izango da Gabiriako Andre Mari elizan: musikariaren lanak berreskuratzeko kontzertua eskainiko dute.

Larrearen senideak aritu dira bere abestiak berreskuratzeko lanetan, aurreko urtetik. "Jakin bagenekien aitona oso musikari ona izan zela, sari asko jaso zituela eta bere garaian oso-oso ospetsua eta txalotua izan zela. Barkaezina iruditzen zitzaigun, eta buru-belarri sartu ginen proiektu honetan", dio Elena Berazadi Larrea bilobak.

Irungo Oiasso Kameratak eta Itxaso Aristizabal piano jotzaileak ekarriko dituzte berriro gabiriarraren obrak. Antolatzaileek azaldu dutenez, iaz aurkeztu zuten obraren zati bat Zarautzen eta Iruñean, bi kontzertutan. Dena den, orain izango da, 50 urteren ostean, Larrearen konposizioa zuzenean entzuteko lehenengo aukera.

Zarautzen igarotzen zituen oporrak konpositoreak, bertakoa baitzuen suia. Iazko abenduan omendu zuten Modelon, esan bezala, hark utzitako hainbat abesti ekarriz.

19:00etan izango da Gabirian antolatu duten kontzertua. Horren aurretik, 18:15ak aldera, Larrea jaio zen ostatuan bilduko dira senideak eta udaleko ordezkariak. Izan ere, haren omenezko oroigarri bat jarriko dute han, eta une horretan desestaliko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide