Arantzazuko kamarineko horma pinturak zaharberrituko ditu Xabier Egañak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko irailaren 14a

Zarauzko artista plastikoa lanean jarriko da berriro, bere obrarik esanguratsuenetakoak denborarekin jasandako kalteak konpontzeko.

Arantzazuko Santutegiko kamarinean hainbat horma irudi egin zituen Xabier Egaña artistak duela 42 urte, Jorge Oteizak apostoluak egin eta hamar urtera. Orokorrean irudiak ederki kontserbatu badira ere, apur bat kaltetuta dago baten bat, eta hori dela eta, zaharberritze lanei ekingo die Egañak. 

Areetan jaioa, XX. mendearen azken hereneko euskal artista plastiko "aipagarrienetakoa" da Egaña, ArtegEña elkartearen esanetan. Duela urtebete inguru jaio zen elkartea, artistaren lana eta ibilbidea "balioesteko, sustatzeko eta zabaltzeko"; orain gutxi Egañaren lana ezagutzeko bideoak plazaratu dituzte. Elkarteak prentsa ohar bidez adierazi duenez, Arantzazuko Ama Birjinaren Kamarineko hormetan dagoen lana "mugarri" izan zen bere ibilbidean: "inflexio puntu bat bere zeregin piktorikoan, non bere unibertso tematiko berezia, erlijoaren eta gizakiaren arteko hibridazioa, agerian uzten duen".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide