Beste igande batez, badia hutsean egin beharko du arraunean Zarautz-Babyautok, Kontxako Bandera preziatuaren aldeko lehian. Bandera etxera eramateko borrokatik urrun da Enbata, ordea, aurreko igandean zortzigarren egin baitzuten zarauztarrek. Kontxako lehian sartze hutsa bada nahiko sari Gari Urangaren mutilentzat; are gehiago aurten, hainbeste sufritzen ari diren denboraldian.
Gaur ere lehen txandan aterako da arraun egitera Enbata. Pandemia ez hedatzeko neurrien barruan estropaden ordutegia aldatzea ere erabaki zuten, beraz, gaurkoan 11:00etan hasiko da gizonezkoen bigarren jardunaldia. Itxura guztien arabera, Hondarribiak bandera etxeratzeko aukera handiak ditu. Kontxan edozer espero badaiteke ere, itsas baldintza onak eman dituzte gaurko, eta Zierbenarentzat ez da erraza izango zortzi segundoko alde hori gainditzea.
Hemen dago irakurgai iragan asteko kronika eta, jarraian, sailkapena.
Kontxako lehen igandeko sailkapena
1.- Hondarribia 19:47,30
2.- Zierbena 19:55,22
3.- Santurtzi 20:06,66
4.- Orio 20:10,84
5.- Bermeo Urdaibai 20:17,00
6.- Donostiarra 20:18,30
7.- Cabo 20:38,30
8.- Zarautz 20:57,54
Metro eta erdiko olatu garbia eta eguraldi ona
Windguru webguneak iragartzen duenari erreparatuta, arraunerako baldintza onak aurreikusten dira gaurko: metro eta erdi inguruko olatu garbiak eta eguraldi ona. Hondoko itsasoa izango da, bagak ikusiko dira, baina ez da itsas baldintza zailik izango.
Haizeari dagokionez, goizeko lehen orduan hegokoa izango da, eta 9:00etatik 11:00etara bitartean ipar-ekialdetik jotzera bira egingo du. Nolanahi ere, indar aldetik egonkor ibiliko da haizea, eta ez da ufada handiegirik aurreikusten.