Zarauzko ikastetxeetan ere eman diote hasiera ikasturteari, eta COVID-19aren harira ezarritako neurriek erabat baldintzatu dute itzulera hori. Maskarak, gel hidroalkoholikoa, segurtasun-tarteak, ilarak eta abarrak dira ikasleen eta irakasleen egunerokoa aurten. Ordutegiak nahiz ikastetxeetako espazioa berrantolatu behar izan dituzte, eta ziur aski, behar berriak azaleratu dira asteotan.
Hala, behin-behinean, eskola-orduetan ikasleek izango dute lehentasuna herriko hainbat udal espaziotan, horien erabilera ikastetxeei uztea erabaki baitu udalak. Hain zuzen, honakoak dira eskolei eskaini zaizkien guneak: Itxasmendiko pista, Astiko kirol-instalazioak, Aritzbatalde kiroldegiko pista, Abendañoko berdegunea, Musika Eskolako jolastoki estalia eta Iñurritzako Maria Etxe txiki eraikinaren aurreneko solairua. Ikastetxeek izan ditzaketen "espazio-premiei aurre egitea" da asmoa, eta beraz, "osasun-neurriak betetzeko ikasleak birkokatzeko" beharra izanez gero, espazio horiek erabili ahalko dituzte.
Bestalde, "eskola edo jarduera gehienak" kanpoan egiten saiatzea gomendatu du Eusko Jaurlaritzak. Zarauzko ikasleen kasuan, "parke batzuk edo hondartza eta berdeguneak" erabiltzeko aukera izango dute, udalaren arabera.