Ostiralean izango da arte errusiarraren inguruko hirugarren atala

Dorleta Agiriano Lai 2020ko irailaren 9a

Arte errusiarrari buruzko azkeneko saioa izango da honakoa, eta "iraultza politikoa eta arteak bete zuen papera" landuko dituzte.

Abuztuaren 20an ekin zioten arte errusiarraren inguruko zikloari Photomuseumen, kultur hedapenerako Gela programaren barruan. Ostiral honetan, irailak 11, hirugarren atalari helduko diote 18:00etan. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, oraingoan ere doakoa izango da sarrera.

"Errusiar artearen historia zirraragarria, bere misterioa eta handitasuna" dira hizpide ziklo honetan, Andrew Graham-Dixon kritikariaren eskutik. "Errusia muturreko herrialdea da eta bere artea ez da salbuespena".

Iraultza politikoa aztergai

Ziklo honetako azkeneko saioa izango da ostiralekoa, eta "iraultza politikoa eta arteak bete zuen papera" aztertuko dituzte; "izan ere, abangoardietako arte mugimenduek tsarraren 1.000 urteetako domeinuaren kontra agertu ziren".

"Hasierako gogo biziko eta optimismoz beteriko egunak" izango dira analisi horren abiapuntua. Antolatzaileek aurreratu dutenez, garai horretan, "pintura hila eta posterra errege bihurtu ziren eta makinek artisautza gainditu zuten". "Errealismo sozialistaren azken garaiak", "Stalinen erretratuak", "Moskuko metroaren irudiak" edota "gerraosteko sorkuntzarik txundigarrienak" aztertzeko aukera ere izango dute ostiralean bertaratzen direnek, baita egungo arte ekoizpen errusiarraren inguruan aritzekoa ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide