Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak antolatuta, sentsibilizazio kanpaina egingo dute Zarautzen bihar eta ostiralean. Hainbat dinamizatzaile egongo dira kalean, eta beren helburua izango da herritarrak eta ostalaritza sektorea "sentsibilizatzea", pandemia eteteko hartu beharreko neurriak modu egokian betetzeko.
12:00etatik 14:00etara eta 22:00etatik 00:00etara egingo dute kanpaina bihar, eta, ostiralean, 22:00etatik 00:00etara. Prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, jende gehien pilatu ohi den guneetan egongo dira dinamizatzaileak. Denbora tarte horietan herritarrak, ostalariak eta horien bezeroak informatzea izango dute xede, indarrean dagoen osasun araudia "behar bezala betetzeko". Nabarmendu dutenez, fokua jarriko dute musukoaren erabileran, distantzia sozialean, eskuen garbitasunean eta taldeetako pertsona kopuruan.
Batez ere, gazteei zuzenduta
Kanpaina adin tarte guztietara zabaldu nahi badute ere, gazteengana iristeko ahalegin berezia egingo dutela iragarri dute, jakitera eman dutenez, une honetan kolektibo hori delako "sentsibilizazio eta pedagogia lan gehien eskatzen duena".
Sentsibilizazio kanpainen bitartez, ostalariek beren ekarpena egin nahi dute pandemia ez hedatzen laguntzeko eta, bide batez, ostalaritza "eremu segurua" dela aldarrikatzeko.