Kontxako Bandera

Portularrumetarren eta Gurutxarritarren igandeko estropadaren balorazioa

Onintza Lete Arrieta 2020ko ira. 7a, 19:00

Igor eta Irati Gurutxarri eta Ekaitz eta Arene Portularrume anai-arrebek Kontxako Banderako lehen igandeko irakurketa egiteaz gain, estropadan izan dituzten sentsazioen berri eman diote HITZAri.

1.- Nola sentitu zinen ikuslerik gabeko arranplara iritsi eta uretaratu aurreko uneetan?
2.- Lo ondo eginda, ala urduri?
3.- Uretan zer sentsazio izan zenituen?
4.- Zure lana eta taldearena nola baloratzen duzu?
5.- Hurrengo iganderako zer helburu dituzue?
6.- Zure anaia edo arreba aritu zirenean arraunean Kontxan, zer sentsazio izan zenituen?

Igor Gurutxarri - Zarautz Babyautoko arraunlaria

1- Oso arraroa izan zen. Inpresioa eta dena egiten zuen iraileko lehen astea izan eta zalerik ez egoteak. Hala eta guztiz ere, motibazio faltarik ez genuen, elkar motibatzen gara.

2- Estropada bezperetan oso-oso gutxitan egiten dut ondo lo. Izaera oso nerbiosoa daukat, eta bezperako gaua ez zen aparte geratu.

3- Igandean lehorretik ikustea tokatu zitzaidan, eta ez nuen sentsaziorik biltzerik izan. Dena den iruditu zitzaidan oso ondo borrokatutako estropada izan zela, estropada oso duina izan zela gure partetik. 

4- Atzoko nire lana animatzea izan zen. Kanpoan geratu garenon babesa transmititu eta ahal zen bezala bultzatzen saiatzea. Taldeari dagokionez, ordea, beti bezala dena eman genuen. Irteera ausart batekin hustu arte.

5- Hurrengo igandeko helburua ez da aldatuko. Ahal den moduan gozatu, baina aurkariei barkatu gabe, konplexurik gabe aurre egiteko asmoz aterako gara.

6- Oso harro nago egin duen estropadaz eta denboraldiaz. Asko demostratu du, ez nuen gutxiago espero berarengatik. Oraindik ibilbide asko duela iruditzen zait.

Arene Portularrume - Tolosaldeako arraunlaria

1- Tristea da, ez baitu Kontxa ematen. Arranpla hutsa eta jenderik ez animatzeko. Baina egoera zein den ikusita, nik uste dut ezin garela kexatu, ze nahikoa izan dugula jokatzeko aukera izatearekin. Baina, egia esan, nahiko tristea izan da laugarren izan eta zure jendearen animoak gertutik ez izatea.

2- Nerbio aldetik ez du inolako arazorik izaten normalean. Kontxak, agian, ematen dizu bestelako urduritasun puntu bat, baina taldean izan dira oso-oso urduri ibili direnak, eta bastante gaizki pasatu dutenak.

3- Uretan lehen luzean oso gustura aritu ginen, baina poparian, bueltan, ez genuen guztiz asmatu, eta ez ginen horren gustura itzuli. Orduan, Arraun Lagunak-ek aurreratu egin gintuen, eta Hondarribiak segundo asko jan zizkigun.

4- Uste dut lan oso ona egiten ari garela, maila oso ona ematen, eta helburuak betetzen ari garela. Igande honetako helburua zen ohorezko txandan sartzea, eta hori lortu dugu. Beraz, oso pozik gaude egiten ari garen lanarekin.

5- Hurrengo iganderako zehaztu dugun helburua da orain dugun postua mantentzea gutxienez, eta ahal baldin bada, arantza kendu eta postu bat hobetzea. Horretarako badakigu gauzak oso ongi egin beharko ditugula, eta aurkariek gerra handia emango digutela, baina gu geu ere horretara joango gara.

6- Egia esan, anaia ez dut ikusi ere egin. Bakoitzak bere eremua du uretan, eta ez dakit esaten.

Irati Gurutxarri - Zumaiako arraunlaria

1- Nik, pertsonalki, eta uste dut taldeak ere bai, eskertu egin genuen. Azkenean, gurean joateko, kontzentratuta, agian hobe eta guzti, jendearen presiorik gabe. Garrantzitsua da urduritasunak kontrolatzea estropada aurretik. Baina estropada ondorengo giro hori bai botatzen zela faltan, eta, egia esan, oso tristea zegoen dena. Arranpla jendez eta kolorez beteta ezagutu dugu beti, oso polita izaten da hori, eta horrek egiten du berezi Kontxa.

2- Bezperan lasai egon nintzen, eta ez nuen lo egiteko arazorik izan. Egunean bertan jada nabaritu nuen urduritasun hori, eta uretara atera ginenean are gehiago. Aurreko egunean, ordea, ez.

3- Irteera indartsua egin genuen, Orio eta Donostiarrarekin batera, badia barruraino. Behin itsasora sartu ginenean, lehen kale horretatik sufritzea tokatu zitzaigun. Joaneko luzea ona izan zen, baina poparean ez gehien ongi asmatu, badian sartu arte behintzat; denbora asko galdu genuen tarte horretan. Amorru horrekin geratu nintzen, baina argi dago arraunean inork ez duela palada bat bera ere barkatzen.

4- Nire taldeaz oso harro nago. Oso talde gaztea gara, baina bata besteari laguntzeko prest gaude, eta familia bat osatu dugu. Sortu dugu giro on hori antzeman egiten da traineru barruan. Gainera, ikusi da lana ongi egiten dugunean hor goian egon gaitezkeela. Beraz, askotan sinetsi egin behar dugu geure buruarengan.

5- Igande honetan bezala, ahalik eta estropada onena egitera aterako gara. Gure arraunketa hartzea eta gustura geratzea da helburua gehienbat. Lana ongi egiten dugunean ikusi da hor goian egoteko gai garela, eta gustatuko litzaiguke denboraldiko gure azken estropada gustura bukatzea. Gozatuz, baina ahalik eta lan onena eginez. Eta ea hor goian egoteko aukerak ditugun!

6- Nerbio asko! Kanpotik okerrago pasatzen dut, eta anaia eta etxeko taldea are gehiago. Oso harro nago egin duten lanarekin. Azkenean TKE ligara igo eta Kontxara sailkatzea egundokoa izan da.

Ekaitz Portularrume - Zarautz Babyautoko arraunlaria

1- Pixka bat tristea izan da. Egia da Kontxa oso egun berezia izaten dela, eta arrauna asko jarraitzen ez duen jendea ere etortzen dela, eta animoak eta bultzada sekulakoa izaten dela, kolore ugariz janzten da Donostia. Dena itxita egotea oso tristea geratzen da, eta behin Kontxara sailkatuko eta jendea ez egotea gurekin pena ematen digu.

2- Lo nahiko ongi eginda, eta estropada aurretik nahiko lasai. Baina trainerua prestatzen eta uretarako momentuan tentsioa hasi zen. Azkenean, Kantauriko traineru onenekin lehiatzera zoaz, jende pila bat zuri begira, herri osoa, eta hain estropada garrantzitsua izanda, sorrarazten dizu tentsioa.

3- Sentsazio nahiko onak izan genituen. Nahiko konplexua zegoen itsasoa, eta arraunean egin behar zegoen. Gu munduko ilusio guztiarekin atera ginen, eta gozatu egin genuen estropadarekin. Saiatu ginen ahal genuenarekin hausten, batez ere irteeran. Helburua zen hasieratik ez ihes egitea gainerako ontziak, eta hori behintzat lortu genuen. Beraz, oso gustura.

4- Oso ondo uste dut. Igandeko estropada sari bat izan da guretzako, eta gozatzera joan ginen, gure bertsiorik onena ematera. Nik uste dut balorazio oso ona egin behar dugula, ontzi oso onak utzi ditugulako sailkapenaren atzetik. Igandeko estropada izan da egindako lan onaren fruitua.

6- Neskek lehenago lehiatzen dutenez, eta gu orduan berotzen aritu ginenez, ez nuen nire arreba-eta ikusteko aukera izan. Beraz, sentsazio handirik ez nuen izan, nahiko bananduta geundelako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide