Jon Garmendia, surfean eta taulagintzan txapeldun

Amaia Urbieta Arruti 2020ko irailaren 4a

Espainiako longboard txapelketa irabazi zuen Jon Garmendiak Valdoviñon (Galizia). Surfean nahiz taulak egiten aritzen da zarauztarra, eta berak egindako oholarekin nagusitu zen asteazkeneko lehian. Emakumezkoen mailan txapeldun ateratako Carlota Jauregiren ohola ere Garmendiak egina da.

Hainbat modalitatetako Espainiako surf txapelketak jokatu dituzte iragan astean Valdoviñoko (Galizia) uretan. Asteartean hasi zen lehiatzen Jon Garmendia longboard txapelketan, eta gailentzea lortu zuen itsasoaren baldintzengatik asteazkenera atzeratutako finalean. COVID-19ak eragindako egoera dela eta, parte hartze murritzagoa izan zen txapelketan eta zuzenean final laurdenetatik ekin zioten ohi baino surflari gutxiagok. Garmendiaren parte hartzea ez zegoen zalantzan ordea, iazko sailkapenean bigarren egin baitzuen. 

Ia hiru metroko luzera duten oholekin aritu ohi dira olatu artean longboard kategoriako surflariak. Garmendiaren arabera, ez dute trikimailu askorik egiten, baina taularen gainean oinez artitzen dira, eta uretan zenbat eta denbora gehiago iraun, orduan eta puntuazio altuagoa lortzen dute. Beraz, taula motzarekin egiten den surfarekin alderatuta, oso bestelakoak dira puntuatzeko irizpideak.

Finalean sartzeko asmo garbiarekin heldu zen Galiziara Garmendia. "Behin finalean sartuta, ahal izanez gero, noski, irabaztera nindoan", baieztatu du. "Dena nahiko ondo" atera zen Garmendiarentzat. Iazko irabazleak hankasartzea egin zuen finalaurrekoan, eta oso indartsu dabilen Nicolas Garcia gaztearekin izan zuen lehia nagusia zarauztarrak. Garcia txapeldun izan zen 18 urtez azpikoan, baina Open kategorian Garmendia nagusitu zen.

Etxeko oholarekin

Taulagintzan ere aritzen da surflari zarauztarra. Duela bizpahiru urte hasi zen ohol propioak egiten, eta azken txapelketetarako berak egindako taulak erabili ditu. "Bitxia da, uste dut ni naizela horrelako zerbait egiten duen bakarra". Azaldu duenez, iazko Espainiako txapelketara ez zen guztiz konbentzituta joan bere taularekin, bazekielako zer hobetua bazuela oholak. "Aurten lan asko egin dut eta oso gustura joan naiz taularekin; hori isladatu da emaitzan ere". 

Badute zerbait berezia Garmendiaren oholek, izan ere, bereaz gain, Open kategoriako beste txapeldunaren taula ere zarauztarrak egina da. Carlota Jauregi bizkaitarra laguna du Garmendiak, eta berak egiten dizkio taulak.

Ohol handian eroso

"Gero eta jende gehiago ari da animatzen longboarda probatzera", baieztatu du txapeldun berriak. Taula motza askoz ezagunagoa bada ere, Garmendiak uste du jendea hasi dela ikusten "olatu bakoitzeko taula mota bat" dagoela, eta olatu txikiak daudenean ohol handia "aukera ona" dela. "Gero eta gazte gehiago hasten dira oso maila altua dutenak; orain arte mundu ezezagun samarra zen". Kirolean hasiberriak diren gaztetxoak hurbildu ohi zaizkio uretan Garmendiari aholku eske; hark olatu asko hartzeko eta uretan denbora asko igarotzeko gomendatu ohi die. "Denean bezala, ez bazara aritzen, ez da hobetzen". 

Garbi dago pasioz bizi duela surfa zarauztarrak. Duela sei urte, taula handiak probatzen hasi zenean, ordura arte zeukan ideia aldatu eta zeuzkan taula guztiak saldu zituen. "Hasi nintzen killa bateko edo biko taulak erabiltzen, forma bereziagoa zutenak... engantxatu egin nintzen. Gero taula bat egin nuen nik probatzeko, gero beste bat, gero lagunen batek eskatu zidan, gero lehengusuarentzat egin nuen... eta horrela, gaur arte". Azken hiru urteetan buru-belarri murgilduta dabil Garmendia taulagintzan eta txapelketetan eta, dioenaren arabera, pozik dihardu: "lana da, noski, baina gustuko dudana".

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide