Duela aste gutxi ekarri zidan gogora lagun getariar batek taberna bateko terrazan geundela komunera nindoala eta zutitu nintzenean. «Zer hoa, behar-gelara?», bota zidan intentzio osoz. Atzendua neukan guztiz hitza. Berak ez. Zarauzko ikastolan ezagutu genuen elkar, eta ume ginela komunari deitzeko geneukan modu berezia azpimarratu nahi zidan. «Andereño, joan naiteke behar-gelara?» hamaika aldiz esan eta entzundakoak gara...
Ez zuen zorterik izan hitzak nonbait, eta ezkutatuz joan zen piskana, «axota», «arkatza», «zainzuria» edo «lursagarra» galduz joan ziren bezala. Gure modura, hitzek ere, euren arteko lehian, unearen egokitasuna, aurkari indartsuagorik ez izatea inguruan, eta zorteari loturiko faktoreak behar baitituzte garaile izateko. Baina hotz hotzean begiratuta ez zen aukera txarra behar-gelarena, premia izaten baita harako, beharra. Bizkaieraz mintzo direnek komunean zer egiten duten bestelako kontua litzateke. Edo Institutu garaian «behar-gelari» «belar-gela» deituko litzaiokeela... Tira...!
Duela mende erdikoa gaur egunera ekarrita, ikastetxe bakoitzean lehen adina haur badira eta euren arteko tarteak derrigor handiagoa behar badu, «behar-gela» gela behar bihurtu aitortu beharko dugu...