Tiobiboak gorabeheretan

Aritz Mutiozabal 2020ko irailaren 2a

Scalextria atrakzioa ekarri dute beste urte batez Munoa plazara. (Atracciones Sanz)

Osasun krisiaren eraginez, aurten toki oso gutxitan ari da lanean Atracciones Sanz. Zarautzen ez du hutsik egin, baina abuztuaren bigarren erdian izan dira, atrakzio gutxiagorekin. 

Abuztuaren bigarren hamabostaldian izan dira aurten Atracciones Sanz tiobiboak Munoa plazan, abuztuaren 14tik 31ra arte. Beste urteetan baino jende gutxiago ibili dela nabarmendu du Atracciones Sanz enpresako arduradun Maria Garmendiak denboraldiaren balorazioa egiteko orduan. "Gainera ez da gauza bera hileko lehen hamabostaldia ala bigarrena, bigarrenerako jende kopurua asko jaisten baita herrian", gaineratu du. "Uztailean izandako koronabirus agerraldien ondorioz, murrizketak izan ditu Zarautzek, eta aurten ezin izan dugu abuztu hasieratik jarri".

Beranduago jartzeaz aparte, atrakzio gutxiago ere jarri dituzte aurtengoan. Arrazoi nagusia jende pilaketa saihestea izan da, nolabait ere: "Gazteak taldetan ibiltzen dira, eta hori saihestu nahi izan da batez ere". Scalextria, ohe elastikoak, jumpinga eta hiru joko kaseta izan dituzte; iaz lau gehiago izan zituzten, autotxokeak eta grillo barne.

Herritarrek estimu handiz jaso du haien etorrera, baita funtzionamendu egokia ere. "Erabiltzaileak oso pozik agertu zaizkigu. Ikusi dituzte hartu ditugun osasun neurriak, eta baloratu egin dute zeinen ongi egin diogun aurre egoerari. Baina, jakina, uste dut COVID-19ak pixka bat atzera bota duela jendea".

Edonola ere, protokolo guztiak bete dituzte: segurtasun distantziak mantendu, eskuak garbitu, atrakzioetan ibili ondoren guztia garbitu... Tiobiboetako kotxe bakoitzean pertsona bakarra joaten zen, eta anai-arreben kasuan bi. "Oro har, jendea oso gustura ibili da!".


«Ezetz esaten digute»


Osasun krisiak baldintzatuta, Atracciones Sanz enpresarentzat urte zaila izaten ari da, eta ez dute ulertzen zergatik ez dieten uzten lan egiten. "Sektore guztiak irekita daude, lanean ari dira beren neurriekin, eta guri, aldiz, ezetz esaten digute. Adibidez, haur parkeak irekita daude, eta inork ez ditu garbitzen. Guri ezezkoa ematen digute, eta hor geratu gara", azpimarratu du Garmendiak.

Uda sasoiko jai guztiak bertan behera geratu dira, eta horren ondorioa pairatu du Atraccion Sanzek. Oso herri gutxitan izan dira aurten: Zarautz, Berriz, Orion puzgarriekin uretan... Aurrera begira, datozen astetarako ez dute hitzordurik. "Oso gogorra da bizitzen ari garen egoera, ez baitakigu noiz hasiko den hau guztia normalizatzen".

Behintzat, erakutsi dute Zarautzen ahal izan dela segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta aurrera eramatea. "Ea beste udalek hori ikusten duten eta animatzen diren!".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide