Ez zuen nolanahiko debuta egin Usoa Ostolazak abuztuaren 2an Seguran (Gipuzkoa) jokatutako txirrindularitza lasterketan: Gipuzkoako txapeldun eta Euskadiko txapeldunorde geratu zen. Orain arte triatloian murgilduta ibili bada ere, dirudienez, abila da zarauztarra bi gurpilen gainean ere. "Gustura»"dago bizikletan trebatzeko hartutako erabakiarekin.
Zarauztarra Txirrindularitza taldeko kide berria zara. Nolatan eman duzu pauso hori?
Urte dezente daramatzat triatloian, baina aurreko udaren amaieran ezkerreko sorbaldan ondoeza jarri zitzaidan, eta horrek ez zidan uzten igerian normal egiten. Entrenatzeko eta lehiatzeko arazoak nituen, beraz. Konfinamenduan ezin nuen korrika egin, eta horren aurretik igeri gutxiago egiten hasi nintzen minagatik. Hortaz, konfinamenduan arrabolan aritu naiz gehienbat. Ainhoa [Murua triatleta] nire entrenatzailearekin hitz egin nuen, eta pentsatu nuen txirrindularitzan federatzea, proba egiteko.
Zer moduz joan da hasiera?
Oso ondo, egia esan. Asko gustatzen zait kirola, eta oraingoz bi lasterketa egin ditut. Oso ezberdina da, ez dauka zerikusirik triatloiko txirrindularitza atalarekin, baina oso-oso gustura nago egindakoarekin.
Nola hartu zaitu taldeak?
Oso ondo. Lehen lasterketa triatloi taldeko arroparekin egin nuen eta, ondoren sartu nintzen Zarauzko txirrindularitza taldean. Hemendik aurrera talde horrekin ibiliko naiz.
Nola joan zen Segurako debuta?
Oso gogorra izan zen, eguraldiak ez zuen asko lagundu. Halere, sentsazio ona izan nuen. Beldurra ere banuen, triatloiarekin alderatuta estrategiak desberdinak direlako eta nik hori ez dudalako asko kontrolatzen. Tropelean joateko beldurra nuen, eta uste baino hobeto moldatu nintzen azkenean. Emaitza ere uste nuena baino askoz hobea izan zen: 23 urtez azpiko kategorian Gipuzkoako txapelketan lehen postua lortu nuen, eta Euskadiko txapelketan bigarrena. Ez nuen batere espero, egia esan. Helmuga hemezortzigarren zeharkatu nuen, baina nire aurretik heldu zirenak ez ziren gipuzkoarrak, beraz, momentuan ez nuen horrelakorik espero. Oso gustura nago. Triatloia alde batera uzteko asmoa al daukazu? Ez da asmoa triatloia alde batera uztea, ez, baina lesio honek ez dit uzten igeri egiten. Honi buelta emateak luze joko duenez, pentsatu dut txirrindularitza probatzea eta bizikletaren zatia indartzen saiatzea, igeri ondo egin ahal dudan arte. Berriro triatloian hasten naizenean ere izango dut aukera bizikleta lasterketak egiteko, baina nire asmoa da triatloira itzultzea noizbait, bizikletaren atala indartuta. Igeri egitea da, hain zuzen, triatloian gehien kostatzen zitzaizun atala. Bai, betidanik kostatu izan zait gehien, horretan naiz okerrena hiru kiroletatik. Sorbalda hobetzen zaidanean buru-belarri jarriko naiz igerian. Triatloian oso garrantzitsua da igerian denbora ona egitea. Lehen kirola izaten da, eta azkar egitea komeni da, batez ere, distantzia laburreko probetan. Azkenaldian distantzia luzeko probak egin ditut. Horiek gustatzen zaizkit gehien eta horietan, agian, ez du garrantzia handiegirik igerian egindako denborak.
Zertan dira desberdinak txirrindularitza eta triatloia?
Txirrindularitzak beste estrategia batzuk ditu, eta helburua desberdina da. Taldeka jokatzen da eta triatloia, berriz, indibiduala da. Triatloiko bizikleta probarako, esaterako, oso erabakiorra da igeri egitetik zein postutan ateratzen zaren, eta korrika egiteko proba falta da oraindik, ez da bertan bukatzen. Txirrindularitzan, aldiz, kokapena oso garrantzitsua da, tropel handiagoak daude, gertuago zoaz jendearengandik, txirrindulariak desberdin mugitzen dira, eta trebezia handiagoa daukate tropelaren barruan mugitzeko. Triatloian ez gara hainbeste mugitzen, are gutxiago neskok, talde txikiagoetan joaten gara eta. Kirolarientzat konfinamendua kolpe handia izan da. Arrabolaz gain beste ezer egin al duzu? Beharra eta gogoa eduki ditut, bai. Arrabola ia egunero egin dut ez neukalako beste aukerarik, eta balkoian ere ibili naiz ariketak egiten. Ez neukan korrikarako zintarik, beraz, ahal nuen moduan aritu nintzen mugitzen.
Orain non entrenatzen duzu?
Bizikletaz hemen inguruan ibiltzen naiz, jendearekin elkartuta. Triatloi taldearekin kontzentrazioak egin ditugu Segovian eta Benidormen eta, horrez gain, Gipuzkoa inguruan ibili naiz.
Zein izango da zure egunerokoa aurrerantzean?
Korrika egiteko ere min hartuta nago, beraz, bizikletaz bakarrik nabil ganoraz orain. Korrika ere nahi dut pixkanaka sartzen joan, baina gehienbat bizikletari nahi diot eragin. Hori egin nahi dut sorbalda osatu arte. Txirrindularitzako lasterketa batzuk badauzkat aurretik, irailaren 19an eta 20an eta urrian izango ditut. Horiek prestatzea da nire helburua eta, horrekin batera, lasterka egiteko daukadan lesioa apurka osatzen joatea.
Datorren urtea zure azkena izango da 23 urtez azpiko mailan. Nola ikusten dituzu hortik aurrerako urteak?
Nik triatloian nahiko nuke jarraitu. Zarauzko Triatloia da helburuetako bat. Aurten apuntatuta nengoen, baina bertan behera geratu da eta sorbaldak ez lidake utziko egiten. Zarauzkoaz gain beste triatloi asko ere baditut begiz jota. Bizikleta ere asko ari zait gustatzen, hurrengo urtean berdin jarraituz gero, asko gustatzen bazait, ez dakit zer egingo dudan, baina, oraingoz, triatloiari begira nago, helburu asko dauzkadalako betetzeko.