Irailaren 28an hasiko dira 2020-2021 ikasturteko Aritzbatalde kiroldegiko helduen eta gazteen ikastaroak. Abuztuan, martxoan –osasun krisia hasi aurretik– ikastaroetan parte hartzen zuten pertsonek izan dute aukera ikastaroetan izena emateko. Orain, gaurtik hasi eta irailaren 8a bitartean, udako eskaintzan parte hartu duten erabiltzaileentzat zabaldu dute plaza libreetan izen emateko aukera. Plaza horiek zozketa bidez egokituko dira, eta tokirik geratuko balitz, izena emateko epe berri bat zabalduko dute irailaren 10etik 19ra.
Lehorreko ikastaroen prezioak ondorengoak izango dira:
- Saio bat astean: 14,65 euro abonatuak / 27,05 euro ez abonatuak.
- Bi saio astean: 29,25 euro abonatuak / 54,10 euro ez abonatuak.
- Hiru saio astean: 39,35 euro abonatuak / 65,30 euro ez abonatuak.
Bestalde, fitness aretoan bazkideentzat express saioak eskainiko dituzte doan irailean. Gainera, Leire Arana Kirol zinegotziak jakitera eman duenez, adinekoen doako soinketa eta uretako eskaintza posible baten lanketan ari dira.
Segurtasun dinamika bera
Osasun krisian hartutako erabakiak mantenduko dituzte. Hala, ikastaro guztiak bigarren solairuan eskainiko dira, eta sarbidea bigarren solairuko larrialdi eskaileretatik egingo da, udako ikastaroetan egin izan den bezala. Segurtasun dinamika bide beretik jarraituko du Aritzbatalde kiroldegiak irailean: %50eko aforoarekin eta, ondorioz, %50eko hobaria aplikatuz bazkideen kuotetan.
Abonatuek Zarauzko Udaleko webgunetik erreserbak egiteko aukera izaten jarraituko dute edo 943-00 51 23 telefono zenbakira deituta, astebete lehenagotik hasita erreserba ordua baino 15 minutu lehenagora arte. Informazio gehiago naqhi duenak Aritzbataldeko harrerara gerturatu daiteke, kirola@zarautz.eus posta elektronikora idatzi edo 943-00 51 23 telefonora deitu.