Hitzordu garrantzitsua izango dute hainbat kirolarik irailaren 5ean, larunbat honetan, Azpeitiko Zezen Plazan. Izan ere, bertan jokatuko da III. Euskal Pentatloi Saria, 18:00etan hasita. Guztira, hamasei kirolari arituko dira nor baino nor gehiago lehian, eta bost proba egin beharko dituzte. Alde batetik, 100 kiloko bolari hamar jasoaldi egin beharko dizkiote; giza-proban plaza bat egin beharko dute; aizkoran, 54 eta 45 hontzako egur bana moztu beharko dute; txingekin hiru plaza egin beharko dituzte, eta korrikan, berriz, kilometro bat.
Guztira, eskualdeko sei kirolari arituko dira lehian: Kepa Peñagarikano azpeitiarra, Joxean Olaskoaga Aizperro oriotarra, Andoni Izeta VI aiarra, Jagoba Otaegi eta Luis Txapartegi aizarnarrak eta Xabier Arria V errezildarra. Horrez gain, honako beste kirolariak arituko dira lehian: Beñat Amade, Ousmane Drame, Iñaki Errazkin, Aratz Mugerza, Jon Zelai V, Daniel España, Julen Kañamares, Julen Gabirondo, Unai Ardeo eta Xabier Zaldua iazko irabazlea.
I. Binakako Euskal Pentatloia ere jokatu zen joan zen uztailean, eta Izeta VI. eta Arria V.a izan ziren irabazleak.