Merkatu Plazak badu bere aldizkaritxoa: Freskua!. Udalak eta Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko elkarteak sortu dute zortzi orriko argitalpena, "Merkatu Plaza dinamizatzeko helburuarekin", eta lehen zenbakia abuztu amaieran kaleratu dute.
Leire Arana Landa Garapeneko zinegotzi arduradunak Zarauzko Udalaren webgunean adierazi duenez, aldizkaria euskaraz argitaratuko da urtean lau alditan, urtaro bakoitzaren hasierarekin batera: "Lehen zenbakia udaberrikoa izatea aurreikusten genuen, baina, pandemia egoerak guztia atzeratzera behartu gaitu eta, azkenean, lehen zenbakia udakoa izango da. Edukia Merkatu Plazarekin eta garaiko produktuekin erlazionatuta egongo da: Merkatu Plazako historia eta istorioak, ekoizle eta dendariei elkarrizketak, garaiko produktuak eta errezetak, aholkuak... Haurrek ere beren txokoa edukiko dute, margotzeko marrazkiekin eta denborapasekin", azaldu du.
Guztira 500 ale inprimatu dituzte paper birziklatuan, eta doan banatuko dituzte. Lehen zenbakia joan den ostegunean kaleratu zuten, eta Merkatu Plazako ekoizleen eta dendarien postuetan daude eskuragarri.
Dena den, formatu digitalean ere herritarren eskura dago aldizkaritxoa.