Olatua ez da eten

Ainara Arratibel / Berria.eus 2020ko abuztuaren 29a

1980ko hamarkadan izan zen surfaren loraldia Zarautzen, eta kirol horren erakusleiho izan da ordutik herriko hondartza. Surflariek diote surfak bere bilakaera izan duen arren ez dela aldatu itsaso barruan sentitzen dena, eta horrek lotzen dituela.

Ameriketako Estatu Batuetatik eta Australiatik zetorren kirol bat zen surfa. Hasieran, arrotza zen gehienentzat. Baina Zarautzek (Gipuzkoa) bere egin zuen. 1970eko hamarkadan hasi zen horretan, eta 1980koan izan zuen loraldia. Ordutik, bien lotura ez da hautsi. Olatuaren gorenean segitzen du surfak herrian. Biek izan dute beren bilakaera, eta biek ikasi behar izan dute elkarrekin bizitzen eta elkar egokitzen. Baina aldatu ez dena haren funtsa da. «Teknologia eta kirola saltzeko modua aldatu dira, baina ez itsasoa barruan sentitzen eta bizitzen dena. Horrek berdin jarraitzen du», nabarmendu du Mikel Troitiñok, aitzindarietako batek. Sentimendu eta bizipen horiei hitza jarri diete Aitor Frantzesena Gallo, Aritz Aranburu eta Nadia Erostarbe herriko surflariek: askatasuna, gozamena, zirrara naturarekiko lotura... Hirurek lortu dute nazioartean lehiatzea, eta Zarautzen izena munduan barrena eramatea.

Troitiñok argi du zein den Zarautzek surfarekin duen loturaren arrazoia: «Itsasoa da Zarautzen erakusleihoa. Hondartzaren gainean eraikitako herria da, eta kokapenak erosotasun handia ematen dio surf egin nahi duenari. Hori, garai batean, funtsezkoa zen, materiala oso pisutsua eta astuna zelako». Olatu mota«ona» dela nabarmendu du Erostarbek. «Ez da olatu bortitz bat, ibilbide luzekoa baizik, eta, horri esker, errazagoa da surfean aritzea. Ikasten hasteko, oso aproposa da Zarauzko hondartza. Gainera, belaunaldiz belaunaldi transmisio on bat egiten jakin da. Ni horren adibide naiz. Gurasoek eta ahizpak ere surf egiten dute. Guretzat, surfa kirol bat bainoago, bizitzeko modu bat da».

Artikulua irakurtzen jarraitzeko, egin klik hemen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide