Getaria sarreran dagoen horman marrazkia egin du Jone Alberdi gazte ilustratzaileak, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko. Artelanarekin, ikusgarritasuna eman nahi zaio urtean zehar Getariako Udalak genero parekidetasunaren alde egiten duen lanari, hainbat ekintza eta ekimen antolatuz.
Ilustratzaileak hiru egun behar izan ditu dimentsio handia duen murala marrazteko. Artistaren hitzetan, artelanarekin “emakumeak saretzean sortzen den indarra” irudikatu nahi izan du. Horretarako, saregileen irudia hartu du oinarritzat. “Irudiko emakumeak elkarri laguntzen ari dira, mehatxu eta bortizkeriatik elkar babestuz, patriarkatuari erantzun kolektiboa emanez. Marrazkia herriko errealitatearekin lotu nahi izan dut, elkarren arteko zaintzari indarra emanez.
Ane Loidi Gizarte Politiketarako zinegotziak azaldu duenez, Getariako Udalak jarrera argia du emakumeek jasaten dituzten eskubide urraketen aurrean, eta erabat gaitzesten ditu jasaten dituzten erasoak.