TAO egoiliar bereizgarriaren kuota datozen egunetan kobratuko du Udalak

Iñigo Gaiton 2020ko abuztuaren 28a

Zarauzko TAO sisteman aldaketak egitea aztertzen ari direla adierazi du Iker Basurko Mugikortasun saileko zinegotziak.

Zarauzo Udalak jakitera eman berri duenez, TAO egoiliarraren bereizgarriaren ordainketa helbideratuta duten herritarrei datozen egunetan kobratuko zaie kuota. Izan ere, Udalak zerbitzua eten zuen aldi baterako, pandemiaren ondorioz, eta iazko eta aurtengo bereizgarriak bolada baterako baliagarriak izatea erabaki zuen. Hala, abuztutik aurrera, 2019ko bereizgarriak ez du balioko, eta 2020koa ez duten ibilgailuei isuna jarriko zaie.

Zarautzen TAO sistema eguneratzeko aukera aztertzen ari direla adierazi du Iker Basurko Mugikortasun saileko zinegotziak: "Laster aztertu ahal izango ditugu eskatu dugun mugikortasun azterlanaren datuak, eta, ziur asko, informazio interesgarria emango digu TAO aldaketak egin ahal izateko. Datuak aztertu ondoren, proposamena gainerako udal ordezkariekin partekatuko da, eta, gero, herritarrekin. Denon artean TAO sistema hobetzeko gai izango garela uste dut, zarauztarren beharretara hobeto egokitutakoa izan dadin".

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide