Beste sei kasu positibo atzeman dituzte Zarautzen

Gorka Zabaleta 2020ko abuztuaren 26a

Zarautzen COVID-19ko PCR proban atzemandako beste sei kasuren berri eman du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Urola Kostan, guztira, hamasei izan dira positiboak; 700 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Azken 24 orduetan Zarautzen agertutako sei kasuez gain, Orion, Zumaian eta Azpeitian bina izan dira eta Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian eta Zestoan bana.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan igoera nabarmena izan da atzoko datuekin alderatuta. Izan ere, 477tik 700era igo da PCR proban positibo eman dutenen kopurua: 363 Bizkaian, 215 Gipuzkoan eta 96 Araban. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 26 lagunek ere eman dute positibo proban. Atzo, guztira, 8.355 proba egin zituen Osasun Sailak, bezperan baino ia 3.000 gehiago.

Ospitaleratutako gaixoen kopurua, aldiz, jaitsi egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 205 ziren atzo eta gaur 197 dira. ZIUn dauden lagunak, ordea, 30 dira, atzo baino bat gehiago.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide