"Pozik gaude urtean zehar B traineruak egin duen lanarekin, liga nahi baino lehenago bukatu arren"

Iñigo Gaiton 2020ko abuztuaren 26a

Lehengo astean bi positibo atzeman zituzten ZAEren bigarren traineruan, liga bukatzeko lau estropadaren faltan. Koronabirusak liga lehenago bukatzera behartu dituen arren, Gaizka Garmendiak ontzat jo du B txalupak denboraldian zehar egindako lana.

Noiz atzeman zenituzten positiboak B traineruko arraunlarien artean?

Lehengo astean. Asteazkenean estropalari batek sukarra izan zuen, eta PCRak positibo eman zion. Horren berri izandakoan, trainerua lehiaketatik kanpora ateratzeko prestutasuna azaldu genuen, baina Osakidetzatik esan ziguten ez zela beharrezkoa, estropalaria ez zelako taldekideekin egon igandetik.

Gero, ordea, larunbatean, beste positibo bat atera zen taldean, eta hor, dudarik gabe, B traineruaren denboraldia amaitutzat ematea erabaki zen. Momentu honetan, bigarren taldeko partaide guztiak konfinatuta daude, Osakidetzaren jarraibideak errespetatuz PCRak egiten.

Lau estropaden faltan bukatu dute liga B ontzikoek.

Hori da, azken bi asteburuetan ez dira lehian izango.

Zer nolako sentsazioa utzi du horrek elkartean?

Beno, hasieran, aurreneko positiboarekin, arraunlarien artean konfusio pixka bat izan zen. Bigarrenarekin, ordea, lehentasuna osasunari eman behar zaiola argi izanik, arrazoizko aukera garbiena zen trainerua estropadetatik ateratzea. Denek ulertu zuten.

Beldurrik izan al duzue positiboak hedatu eta lehen taldekoengana iristeko?

Denboraldia hasi zenetik, neurriak hartu genituen elkartearen instalakuntzetan bi taldeek ahalik eta era seguruenean entrenatu zezaten. Bi taldeetakoren batean positiboren bat egonez gero, beste taldeko inor ez kutsatzea da babes neurri horiekin lortu nahi izan dena.

ZAEk aurten bota du aurreneko aldiz uretara B ontzia. Zer balantze egiten duzue?

Oraindik ez dut izan taldekideekin balorazioa lasai egiteko astirik, baina elkarte modura, oso pozik gaude hogei estropalari gaztek estropadak jokatzeko aukera izan dutelako. Esperientzia benetan gozagarria izan da haientzat guztientzat. Denek bezala, egun onak eta txarrak izan dituzte estropadetan; kirol emaitzak gorabeheratsuak izan diren arren, Bi trainerua formazio taldea kontutan hartuz, balorazioa ona da.

Arraunean aurreneko urtea dutenek estropadak jokatzeko aukera izan dute B ontzia izateari esker, eta hori oso ona da aurrera begira gurea bezalako elkarte batentzat.

Lehen traineruari dagokionez, denboraldia azken txanpan sartzen ari da. Zer helburu nagusi duzue datozen asteei begira?

Goi mailan duin jarduteko helburuarekin hasi genituen estropadak uda hasieran. Orain, gauden puntuan, mailari play offik jokatu gabe eustea gustatuko litzaiguke. Lehiakide gogorrak ditugun arren, orain aldeko abantaila txikia dugu, eta ea horri eusteko gai garen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide