Astero egin ohi duten mobilizazioari jarraipena emanez, pentsiodunek elkarretaratzea egin dute eguerdiko hamabietan, pentsio publiko duinen alde. Han izan direnek COVID-19aren kontrako babes neurriak gorde dituzte ekimenak iraun duen denbora guztian.
Azken urteetan egiten ari diren borrokari eutsiz, Zarauzko pentsiodunen elkarteko kideek aste honetan azaldu dutenez, koronabirusaren izurriteak erretiratu, langile, gazte, emakume, autonomo eta beste hainbat kolektiborengan eragin negatibo handia izan du, eta pandemiak sortutako krisiari erantzuna emateko aldarria egin dute gaur goizean.
Horrez gain, honako neurriak ere ezinbestekoak iruditzen zaizkie: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata; lan erreforma eta pentsioen legea indargabetzea: soldata eta pentsioetan genero arrakala ezabatzea, eta alarguntasuna pentsioa %100 izatea. Gainera, beharrezkoa iruditzen zaie zaintza enplegua planifikatzea eta osasungintzan behar diren inbertsioak egitea. "Beste behin ere kalera ateratzera behartuta gaude gure eskakizunak exijitzeko. Egoera bidegabe hau bukatzeko bermea mobilizazioa dela deritzogu", azaldu dute.