Gaur eguerdian ere Ibaizabalgo uretan izan dira Eusko Label Ligako arraun taldeak, baina emaitza atzokoarekin alderatuz guztiz desberdina izan da. Azken egunetan marea biziak izaten ari dira, eta gaurkoan itsasbeherarekin arraunean egin behar izan dute Sestaoko uretan. Kaleen arteko desoreka nabarmena izan da, eta Zarautz Babyautori inork nahi ez zuen laugarren kalea egokitu zaio. Enbata atzean gelditu da hasieratik, baina bere lana egiten jakin du, lehen txandan arraunean egin duten taldeen denborak erreferentziatzat hartu eta erlojupekoaren aurkako estropada jokatuz. Azkenean, eguna salbatzea lortu du, sailkapenean Aresekin duen lehian, bi puntu bakarrik galduta. Hala, liga amaitzeko jardunaldi gutxi falta direnean, 10. postuan sailkatuta dago Zarautz Babyauto, play-off postuetatik kanpo.
Estropada Hondarribiak irabazi du, eta sailkapenean bigarren postuan jarri da, Santurtzirengandik puntu bakar batera.
