Bi aste eskas falta dira Donostiako Estropadarako, eta antolatzaileek azaldu dute COVID-19ari aurre egiteko martxan jarriko duten protokoloa. Alde batetik, sailkapen estropadak bi egunetan jokatuko direla jakinarazi dute; irailaren 2an, asteazkenean, emakumezkoen sailkapen estropada izango da, eta, hurrengo egunean, gizonezkoena. Bestetik, irailaren 6ko eta 12ko estropadak ordubete aurreratuko dituzte; 10:00etan hasiko da emakumezkoen norgehiagoka, eta 11:00etan, gizonezkoen lehia.
Horrez gain, antolatzaileek adierazi dute sailkapen estropada baino egun batzuk lehenago arraunlariren batek positibo emango balu, talde horrek ezingo lukeela estropada jokatu. Era berean, sailkapen probatik bigarren igandera bitartean, positiboren bat atzemango balitz, talde horrek ere ezingo luke estropadan parte hartu. Hala, sailkapen estropadan zortzigarren sailkatua sartuko litzateke lehian.
Saria ematerakoan ere izango da desberdintasunik aurreko edizioekin alderatuta. Ohikoa den bezala, agintarien ontzian emango zaie txapeldunei bandera, baina patroiak bakarrik igoko dira bertara, eta maskara jantzita eraman beharko dute. Bestalde, bandera-ematea ez da Donostiako portuan egingo, badian baizik.
Donostiako Udalak badaki jendetza biltzen dela urtero estropadetan, eta jende pilaketak ekiditeko neurriak hartuko ditula jakinarazi du. Hori dela eta, aurtengoan Donostiako Estropada etxetik ikusteko deia luzatu die arraun zaleei.