Zarauzko Udaletik jakinarazi dute aurrera jarraitzen dutela Aritzbatalde kiroldegia eta Lizardi Institutuaren artean eraiki duten kirol pabiloi berriko obrek. Pabilioiko lanen lehen fasea amaituta dago, eta azken xehetasunak amaitzea falta da. Horregatik, abuztuko oporraldia aprobetxatu nahi dute bigarren faseko lanei ekiteko. Lizardi Institutuko aldagelak berritu eta handituko dituzte datozen asteetan, eta lanak bukatzen dituztenean, institutuari eta pabiloi berriaren erabiltzaileei emango diete zerbitzua.
Udalak Urbycolan S.L. enpresari esleitu dizkio Estudio Corta-ko arkitektoek idatzitako proiektuaren obrak, eta 402.232,11 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).
Hala, Xabier Txurruka alkatea "oso pozik" agertu da kirol pabilioiaren lanak hartzen ari diren itxurarekin: "Espero dugu, dena ondo bidean, hilabete pare batean instalazio berriak errendimendu osoan martxan jartzeko aukera izatea. Zalantzarik gabe, egungo aukerak hobetu eta zabalduko dituzte, Lizardi Institutuko ikasleek eta kirol klubetako taldeek erabiliko baitituzte. Azken hauek instalazio berriez egunero gozatu ahal izango dute gainera, Lizardi Institutuak dituen beharren arabera, erabilera ordutegiak koordinatuz”.