Zortzi COVID-19 kasu berri atzeman dituzte herrian

Julene Frantzesena 2020ko abuztuaren 21a

Guztira, 23 koronabirus kasu berri zenbatu dituzte Urola Kostan. Positibo gehiena Azpeitian atzeman dituzte, bederatzi, Zarautzen zortzi, Zumaian lau kasu eta bana Orion eta Azkoitian.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 23 kasu positibo zenbatu ditu azken orduetan Urola Kostan, eta horietatik zortzi Zarautzen atzeman dituzte; azken astean egun bakar batean detektatu duten positibo kopururik handiena izan da gaurkoa. Gorakada orokorra izan da Hego Euskal Herrian eta babes neurriak zorrotz betetzeko deia egin dute erakundeek. Hala, Zarauzko Udaltzaingoak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, atzo, osteguna, herriko kafetegi bateko zerbitzari bat identifikatu zuten eta zigor espedientea ireki zioten, maskara jarri nahi ez zuelako.

Urola Kostako datuei dagokionez, kasu gehiena Azpeitian atzeman dituzte, bederatzi, Zumaian lau kasu eta Orion nahiz Azkoitian bana. Hego Euskal Herrian 821 positibo detektatu dituzte, guztira. Atzo 9.121 PCR proba gauzatu zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta orotara, 724 positibo detektatu dituzte –Araban 124, Bizkaian 431, Gipuzkoan 138 eta bizilekua horietatik kanpoan dutenen artean 30–. Nafarroan, berriz, 1.925 PCR egin eta 97 positibo zenbatu dituzte.

Atzo 50 lagun ospitaleratu zituzten Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta zortzi Nafarroan. Gaur-gaurkoz, 180 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietatik 21 daude ZIUn. Nafarroan, aldiz, zortzi lagun ospitaleratu dituzten atzo; horietatik bi ZIUn. Apirilaz geroztik ospitaleratu gehien atzo izan ziren.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide