Gela programaren barruan eskainiko diren ataletan Andrew Graham-Dixon kritikariak kontatzen du errusiar artearen historia "zirraragarria, bere misterioa eta handitasuna". "Errusia muturreko herrialdea da eta bere artea ez da salbuespena. Kievetik Moskura bidaiatuko dugu, errusiar artea deskubrituz ikonoen garaitik gaur egun arte", azaldu dute Gela proiektuko arduradunek. Hala, ekimenean parte hartzen duten herritarrek ezagutuko dituzte besteak beste, Folk artea, Petri Handia, Barroko errusiarra, “Wanderers” mugimenduaren eragina, Konstruktibismoa edota Putinen doktrina.
Lehen saioan esaterako, ikono errusiarren jatorria aztertuko dute, sustraietatik hasi eta Andrei Rublev margolari ospetsuenaren maisulanetaraino. Emanaldia ostiralean izango da, 18:00etan hasita. Sarrera doakoa izango da.