Eulen Jira-Bira txirrindulari taldeko kideak bizikletaren gainean dabiltza uda sasoian, eta jakinarazi dute Jaenen [Andaluzia, Espainia] jokatuko den Espainiako Errepideko Txirrindulari Txapelketan parte hartuko dutela taldeko hiru kidek. Santiago Martinez, Xabier Isasa eta Joseba Lopez 23 urte azpiko kategorian ariko dira.
Isasa izango da lehiatzen lehena, erlojuaren aurkako txapelketa jokatuko baitu bakarka, ostiralean. Larunbaterako, berriz, iraupeneko-proba antolatu dute, eta lasterketa horretan Eulen taldeko hiru txirrindulariek parte hartuko dute. Martinezek Gaztela eta Leongo selekzioarekin jokatuko du, eta Lopezek eta Isasak Euskadiko selekzioarekin.
Cazorla, La Iruela, Ubeda eta Baeza herrien artean jokatuko da Espainiako Txapelketa ostiraletik igandera bitartean. Hala, iragarpenak betetzen badira, muturreko tenperaturak izango dituzte txirrindulari gazteek txapelketan zehar.
Bestalde, Eulen Jira-Bira taldeko gainontzeko kideek Frantziako San Martin de Seignanx herrian izango dute hurrengo hitzordua igandean. Euskal Herrian lasterketa gutxi antolatzen ari direnez, Frantziara jo baitute denboraldi txukuna osatu ahal izateko.