Abuztuaren 19a Argazkigintzaren Nazioarteko Eguna izan ohi da. Photomuseumek urtero argazkilarientzat seinalatua den eguna ospatu ohi du, aitzakiatzat hartuta 1839ko abuztuaren 19an, Parisen, Zientzia eta Arte Ederren Akademian lehenengo prozedura fotografikoaren, dagerrotipoaren, aurkezpena egin zela. Hala, aurreko urteetan bezala, bihar, abuztuak 19, egun osoan zehar Photomuseumeko sarrera doakoa izango da. Dena dela, arduradunek azaldu dute, COVID-19a dela-eta egoera berrira egokitu dutela ospakizuna, eta babes neurriak hartu beharko direla museoan ere.
Aurten hiru erakusketa tematiko berri irekiko dituzte Argazkigintzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko asmoz. Alde batetik, lehenengo solairuan, Argazki finkoa izeneko erakusketa izango da ikusgai, eta bertan zinemagintzan lantzen den argazki-generoaren adibideak ikusteko aukera izango dute bisitariek.
Bestetik, bigarren solairuan, argazkigintzari buruzko Lux aldizkari ospetsua ezagutzeko aukera eskainiko dute. Eta, azkenik, hirugarrengo solairuan, In Memoriam izeneko erakusketa zabaldu dute, minutero edo minutu-orratzei buruzko argazki erakusketa. Azken erakusketarekin, Jose Mari Uriarte "museoaren lagun eta laguntzaile finari" omenaldia egin nahi izan dio Photomuseumek.