Orio eta Hondarribia nagusi Zarautzen

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abu. 16a, 15:33

Orioko arraunlariak ligako garaipena ospatzen. (Eusko Label)

Zarauzko Ikurrina irabazteaz gain, Euskotren ligako koroa ere eskuratu dute oriotarrek. Hondarribiak hirugarren urtez jarraian irabazi du Zarauzko Ikurrina, eta ligako goiko postuetan sartu da.

Euskotren eta Eusko Label ligetako bandera preziatuenetakoa da Zarauzkoa. Berezia da bi jardunalditara jokatzen delako, eta, ligaren azken txanpan egiten denez (azken bandera da Euskotren ligakoentzat), askok Kontxarako prestaketa moduan hartzen dute. Oso ezberdinak izan dira atzoko eta gaurko jardunaldiak; atzo giro haizetsuari egin behar izan zioten aurre arraunlariek eta hori denboren arteko aldeetan geratu zen islatuta. Gaur, berriz, itsasoa bareago egon da eta haizeak ez du indar berezirik izan. Aurtengoan Oriok eta Hondarribiak irabazi dituzte ikurrinak, eta Oriok, bandera irabazteaz gain, ligako koroa ere eskuratu du. 

Oraindik denboraldia amaitu ez den arren, oraingoz, irabazi zezaketen guztia irabazi dute Orioko emakumezkoek. Dotore amaitu dute gaur liga gainera, estropadan nagusitasuna erakutsita. Karkara.eus atarian dago irakurgai gaurko estropadako kronika.

Hondarribia izan da asteburuko beste garailea. Atzoko jardunaldian nagusi izan zen, eta gaur ohorezko txanda laugarren postuan amaitu badu ere, atzo egindako denborari esker irabazi du bandera. Gainera, ligako lehen hiru postuetan sartzea lortu du, beraz, muturra sartu du orain arte Urdaibai, Santurtzi eta Orioren arteko lehia zirudienean. Gaur gaurkoz, hirugarren postuan dago sailkapen orokorrean Ama Guadalupekoa. 

Honela dago gaurko estropadaren ostean Eusko Label ligako sailkapena:

1 SANTURTZI TRANSPORTES Y GRUAS AGUADO 114
2 ORIO ARRAUNKETA ELKARTEA 109
3 GO FIT HONDARRIBIA 107
4 BERMEO URDAIBAI AVIA 107
5 DONOSTIARRA AMENABAR 98
6 ZIERBENA BAHIAS DE BIZKAIA 97
7 CABO 78
8 LEKITTARRA ELECNOR 50
9 ONDARROA CIKAUTXO 49
10 ZARAUTZ BABYAUTO 47
11 CR ARES 47
12 KAIKU VUSA 33

Santurtzin izango dute arraunlariek ligako hurrengo hitzordua. Zalantzarik gabe, une gozoan iritsiko dira Soterakoak etxeko estropadara.

Erlazionatuak

Gaurko lan txukunak izan du saria

Amaia Urbieta Arruti 2020 abu 16 Zarautz

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide