Diruz lagunduko ditu udalak nazioarteko lankidetza arloko Gobernuz Kanpoko Erakundeak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abuztuaren 15a

Munduko Begiak GKEa Mozanbiken. (Zarauzko Udala)

Hainbat dirulaguntza lerrotan murrizketak egin behar izan ditu udalak, baina mantentzen du garapenerako lankidetzako proiektuei aurrekontu orokorraren %0,7a bideratzeko konpromisoa.

Diruz lagunduko ditu Zarauzko Udalak "hegoaldeko herrialde pobretuetako garapen proiektuak". Argitaratu dute deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta laguntza eskatzeko aukera dute nazioarteko lankidetza arloan aritzen diren Zarauzko Gobernuz Kanpoko Erakundeek. Aurten 194.000 euro bideratuko ditu udalak herriko GKEen garapen proiektuetara, iaz baino %11 gehiago. Patxi Elola Garapenerako Lankidetzako zinegotziaren arabera "are garrantzitsuagoa" da orain, COVID-19ak mundua astindu duen honetan, "hegoaldeko herri pobretuetako garapen proiektuekin jarraitzea". 

Hainbat murrizketa egin dituzte udaleko Garapenerako Lankidetza arlotik; esate baterako, aurten ez dute Sahara Gara egunik ospatu. Garapenerako lankidetzako proiektuei eman diete lehentasuna eta mantentzen dute udal aurrekontu orokorraren %0,7a arlo horretara bideratzeko konpromisoa. Gainera, Elolaren iritziz, ezin da ahaztu  "Zarautzek gure planetako behartsuenekin duen elkartasuna".

Bestalde, datozen asteetan udalak Zarautzen sentsibilizazio jarduerak egiteko dirulaguntzak emateko deialdia argitaratuko duela aurreratu du zinegotziak. "Dirulaguntza lerro hori iaztik ia erdira murriztu behar izan dugu eta, tamalez,  aurten bertan behera utzi behar izan dugu gazte kooperanteentzat ematen den laguntza", azaldu du Elolak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide