Zabaldu dute kiroldegiko ikastaroetarako izen ematea

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abuztuaren 14a

(Zarauzko Udala)

Abuztuaren 28ra arte martxoan, konfinamendua hasi aurretik, ikastaroetan izena emanda zuten erabiltzaileek soilik eman ahalko dute izena. Udalak jakitera eman du ikastaroen inguruko aldaketak egon daitezkeela pandemiaren bilakaeraren arabera.

Igerilekuan egiten diren ikastaroak ez dituzte martxan jarriko hasiera batean ikasturte berrian, "higiene eta segurtasun neurriak bermatzeko", Leire Arana Kirol zinegotziak azaldu duenez. Jakitera eman du pandemiaren bilakaeraren arabera aldaketak egon daitezkeela. Ikastaroak irailaren 28an hasiko dira, eta parte hartzeko lehentasuna izango dute martxoan, konfinamenduaren aurretik, izena emanda zuten erabiltzaileek. Horiek abuztuaren 28ra arte edukiko dute ikastaro berrietan izena emateko aukera. 

Abuztuko ikastaroetan parte hartu duten erabiltzaileek hilaren 31tik irailaren 4ra bitartean egin ahalko dute inskripzio berria eta, azkenik, geratu diren plaza libreetan sartzeko aukera izango da irailaren 7tik 18ra bitartean. Parte harte nahi dutenek izena eman dezakete eta, ondoren, zozkatu egingo dira plaza libre horiek. "Izena emateak ez dute plaza ziurtatzen. Ikastaro bakoitza egingo den edo ez pandemiaren bilakaeraren arabera erabakiko da, Osasun Sailak edo udalak hartzen dituen neurrien arabera", azpimarratu du Aranak. Ikastaroetan izena emateko orria hemen dago eskuragarri, eta bete ostean kirola@zarautz.eus helbidera bidali behar da, edo kiroldegiko harreran aurkeztu. Ordainketa plaza ziurtaturik dutenean egin beharko dute erabiltzaileek. Informazio gehiagorako, kirola@zarautz.eus posta elektronikora idatzi daiteke, edo 943-00 51 23 telefono zenbakira deitu.

Bihar, itxita

Udaleko Kirol departamentuak jakitera eman duenez, bihar itxita egongo da kiroldegia, jaieguna dela-eta. Bestalde, udalak gogorarazi du segurtasun neurri eta protokolo zorrotzak tarteko, beharrezkoa dela aurrez hitzordua hartzea kiroldegia erabili ahal izateko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide