Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak egin berri duen agerraldian neurri murriztaile berriak iragarri ditu, egoera epidemiologikoak okerrera egin duelako. Gaueko aisialdia du jopuntuan Madrilek; ministroaren esanetan, "ezinbestekoa" da bertan behera geratzea pandemia gehiago heda ez dadin. Diskotekak eta gaueko tabernak ixtea agindu du Madrilek, eta gainontzeko ostalaritza establezimenduek 01:00etan itxi beharko dituzte ateak; gainera, 00:00etatik aurrera ezingo da bezero gehiago sartu taberna eta jatetxeetara. Horrez gain, metro eta erdiko tartea utzi ezin daitekeen eremuetan erretzea eta kalean botiloia egitea debekaturik egongo dela ere esan du Illak.
Bestelako hainbat neurri ere iragarri ditu Osasun ministroak: adinekoen egoitzetako egoiliar berriei PCR probak egin beharko dizkiete, baita oporretatik itzuli diren edo lanean hasi berri diren beharginei ere. Adinekoen egoitzetako bisitetan ere aldaketak izango dira, eta egoiliarren irteerak mugatuko dituzte. Bestalde, ekitaldi jendetsu bat egiten den aldiro arriskuen azterketa bat egin beharko dute tokiko agintariek, Espainiako Osasun Ministerioak jarduera horien inguruan adosturiko irizpideei jarraituz. Ministroak, era berean, jakinarazi du PCR probak egingo dizkietela talde jakin batzuei agerraldiak daudenetan; besteak beste, zahar etxeetakoei, ikastetxeetakoei edo kolektiborik zaurgarrienei.
Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoetako agintariekin adostu ditu aipatu neurriak; baita hainbat gomendio ere. Illak herritarrei eskatu die harremanak ahalik eta gehien murrizteko, baita jendearekin elkartzekotan hamar lagun baino gehiagoko taldeetan ez biltzeko ere.