Asteburu berezirako prest

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abu. 14a, 11:06

Enbata Lekeitioko estropadan. (Eusko Label)

"Ilusioz beteta" daude Zarautz-Babyautoko arraunlariak heltzear diren Zarauzko estropadetarako. Dena den, Manex Otaegi arraunlariak azaldu dio Zarauzko Hitzari ez dutela "itsutu" behar, eta alde batera utzi nahi dituztela etxean jokatzeak ekar ditzakeen "presio eta alferrikako zamak".

Berezia. Halakoxea ari da izaten denboraldia arraun talde guztientzat, COVID-19ak izugarri baldintzatu baitu beren jarduna zentzu guztietan. Pandemiarik gabe ere berezia izango zatekeen 2020ko uda Zarautz-Babyautorentzat, ordea. Hamar urteren ostean, gorengo mailara itzuli da Enbata trainerua, eta gogor ari dira borrokan datorren urtean ere maila berean mantendu ahal izateko. Helburu garbi horrekin, play off postuetatik aldendu nahian dihardute estropadaz estropada zarauztarrek. Hain zuzen, zorigaiztoko postu horietatik kanpo heldu dira denboraldi berezi honen jardunaldirik berezienera. Zortzi estropada baino ez dira falta liga amaitzeko, eta "ilusioz beterik" daude Enbatako arraunlariak Zarautzen jokatzeko, Manex Otaegi arraunlariak HITZAri azaldu dionaren arabera: "etxean jokatzea beti da berezia arraunlarientzat".

Osasun egoera delikatua tarteko, zaletuek ezingo dituzte bertatik bertara jarraitu asteburuko estropadak; neurri bera hartu dute hainbat udalerrik orain arteko jardunaldietan ere. Oztopoak oztopo, estropadak jokatzeko "gogotsu" dago Zarautz-Babyauto. Dena den, garbi dute ez dutela "itsutu" behar. "Helburuak orain arteko bera izaten jarraitzen du: ahalik eta estropada konpletoena egitea gure arraunkera bilatuz eta ehuneko ehuna ematen saiatuz. Beraz, hori egiten ahaleginduko gara, etxean jokatzeak ekar ditzakeen presio eta alferrikako zamak alde batera utzita. Gure onena ematera irtengo gara", baieztatu du Otaegi arraunlariak. 

Gogotsu, baina, hankak lurrean dituztela uretaratuko dira, beraz, Enbatako arraunlariak. Zarauzko XLIII. Ikurrina izango dute jokoan, bihar 18:00etatik aurrera eta etzi, igandean, 12:00etatik aurrera. 

Erlazionatuak

Etxean jokatuko du Enbatak asteburuan

Amaia Urbieta Arruti 2020 abu 12 Zarautz

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide