Lau koronabirus kasu berri detektatu dituzte Zarautzen

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abu. 13a, 13:59

Getarian, Zarautzen eta Zestoan atzeman dituzte kasuak azken 24 orduetan. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dago positibo berririk, Osakidetzak jasotako datuen arabera.

 

Zenbakien dantzak ez du etenik, eta han-hemenka egunero agertzen dira koronabirus kasuak eskualdeko herrietan. Osakidetzak argitaratutako txostenaren arabera, zortzi dira Urola Kostan azken 24 orduetan atzemandako kasu positibo berriak: hiru Getarian, lau Zarautzen eta bat Zestoan. Azken egunetan Azkoitia eta Azpeitia izan dira kezka iturri, baina, gaurko datuen arabera, kostaldean ere bada kasurik. Eskualdeko gainontzeko herrietan, berriz, ez da positibo berririk ezagutu azken orduetan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuak bortizki hazi dira azken egunotan. Asteartetik asteazkenera kasuen igoera nabarmena izan zen, eta gaurko zifra atzokoaren bidetik doa. Guztira, 569 koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan hiru lurrade horietan. Bizkaian topatu dituzte horietako gehienak: 402. Araban 75 kasu atzeman dituzte, eta Gipuzkoan 72. Horiez gain, beste hogei kasuren berri ere eman du Osakidetzak. Guztira 6.618 proba egin zituen atzo Osakidetzak, eta detektatutako 569 positibo horietatik, 26 pertsona opitaleratu dituzte. Egun, 112 lagun daude ospitalean COVID-19ak jota.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide