Uztailaren 18an murriztu zuten adinekoak egoitza zentroetatik ateratzeko aukera, lurraldean izandako agerraldien aurrean. Eusko Jaurlaritzkao Osasun Sailari kontsulta egin ondoren, egoitzetatik ateratzea baimendu du. Erabiltzaileek gehienez ere ordu eta erdiko paseoak eman ahal izango dituzte, beti ere FFP2 maskara jantzita eta “aire zabaleko guneetan eta zentrotik hurbil” egonez.
Paseoek “izaera terapeutikoa izango dute nagusiki” eta adinekoek “bakarrik edo profesionalek edo hurbilekoek lagunduta” egin ahal izango dituzte ibilaldi horiek, “prebentzio eta higiene neurri guztiekin” eta “espazio jendetsu edo itxiak” saihestuta. Gizarte Politikako departamentuak zehaztu du, gainera, ez zaiela irteteko baimenik emango sintomak dituzten erabiltzaileei edota berrogeialdi edo isolamendu egoeran daudenei. Bizikidetza unitatean COVID-19rekin bateragarriak diren sintomak dituzten familiek ere ez dute bisitarik egingo edo senideak paseatzera aterako.
Orioko eta Zarauzko eguneko zentroak
Osasun Sailarekin egoera epidemiologikoa aztertu ondoren, Aldundiak baimena eman du Zarauzko eta Orioko adinekoentzako eguneko zentroak irekitzeko. Udalerri horietan izandako agerraldien ondorioz itxita zeuden zerbitzu hauek. Gauza bera gertatzen da desgaitasuna duten pertsonentzako Zarauzko eguneko zentroarekin ere. Izan ere, kendu egin dira udalerri horietan ezarritako murrizketak, kontrolatutzat jotzen direlako hirigune horietako agerraldiak.