Hirugarren egunez jarraian, ez dute koronabirus kasu berririk topatu Zarautzen

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 11a, 13:24

Zazpi kasu positibo berri zenbatu dituzte azken 24 orduetan Urola Kosta eskualdean, baina horietako bat bera ere ez Zarautzen. Egoera larriena Azkoitian bizi dute: egun batetik bestera sei kasu positiboren berri eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Zazpigarrena Azpeitian detektatu dute. 

Hainbat egunez zenbakiak kezka iturri izan badira ere, badirudi barealdi moduko bat izaten ari dela azken egunetan, hirugarren egunez ez baitute koronabirus kasu berririk topatu herrian. Bai ordea, inguruko herrietan; banaka izan bada ere, koronabirus kasu positiboak eman dira Azkoitian egunotan. Azken ordu hauetan, ordea, sei kasu berri ezagutu dira herrian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian emandako datuen arabera. Urola Kosta eskualdean beste kasu bat ere detektatu dute azken 24 orduetan; Azpeitian, hain zuzen ere. Guztira hamar kasu atzeman dituzte Azkoitian azken zazpi egunetan, eta sei Azpeitian.

Uda garaian kostaldeko herrietan ezagutu dira koronabirus kasu gehienak, Zarautzen, Getarian eta baita azken egunotan Zumaian ere. Baina, datu hauen arabera, azken orduetan ez da COVID-19 kasurik izan herri hauetan. 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokionez, beste 259 kasu positibo izan dira atzotik gaur arte. Gehienak Bizkaian eman dira –180 kasu–, Gipuzkoan 44 positibo ezagutu dira, eta Araban 35. PCR probetan positibo emandako beste sei kasuren berri ere eman du Osasun Sailak. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide