Bi aro, bi ikur

Haritz Gallastegi / Berria 2020ko abuztuaren 9a

Jose Angel Iribar eta Ainhoa Tirapu. (Berria)

Goi mailako atezainak izan dira Jose Angel Iribar eta Ainhoa Tirapu. Erretiroa hartzeko garaia eurek erabaki dute, eta, botak eta eskularruak kendu ondoren, Athleticen jarraitu dute lanean. Bizitzea egokitu zaien sasoian pil-pilean egon diren kontuetan buru-belarri ibili dira, bai zelaian, bai zelaitik kanpo. Berria egunkarian elkarrizketa bateratua egin diete.

San Mameseko tabernan da hitzordua Jose Angel Iribarrekin eta Ainhoa Tirapurekin. Iribar iritsi orduko hasi da jarraitzaileekin argazkiak ateratzen. Naturaltasunez. Harentzat ohikoa da. Tirapu, berriz, bizikletan etorri da. Berotuta. «Haizea kontra eta maskararekin…», dio irribarretsu. Agurtu, eta solasaldia hasi da.

Egokitu al zarete normaltasun berrira?

JOSE ANGEL IRIBAR: Beharko egokitu. Egoera hau ez sinistekoa da. Inork ez genuen horrelakorik espero. Aurrera egin behar da. Ez dago beste aukerarik.

AINHOA TIRAPU: Ohitu egin behar dugu. Osasun arazo larria daukagu. Gure bizitzak aldatu egin dira, eta ez dakigu noiz amaituko den pandemia. Ez dakit lehengo normaltasunera bueltatzeko aukera izango dugun.

Futbolean ere eragin handia izan du. Zaleek, adibidez, ez dute estadiora sartzeko aukerarik izan. Nola bizi izan duzue egoera ezohiko hori?

IRIBAR: Ez zait gustatu, baina izan den baino gogorragoa egingo zitzaidala uste nuen. Uste baino hobeto eraman dut. Hala ere, futbola jarraitzaileena da. Zalerik gabeko futbola beste gauza bat da. Futbolak jarraitzaileak behar ditu. Epe laburreko neurri gisa balio dezake, baina aurrera begira ez du zentzurik. Futbolari beste izen bat jarri beharko genioke.

TIRAPU: Niri oso arraroa egin zait San Mamesen partida jokatzea eta nik harmailara joateko aukerarik ez izatea. Hala ere, ulertzen dut futbola bueltatu izana. Normaltasuna berreskuratze aldera, beste pauso bat izan da. Bestalde, gure liga ezin izan zen amaitu. Egoerak eskatzen zuen protokoloa betetzeko dirua behar da, eta gure txapelketak oraindik ez dauka baliabiderik.

San Mamesen da hitzordua. Orain lasai dago, baina zuek hemen bizi izan duzuenak ez dauka zerikusirik orain dagoen patxadarekin. Zer da zuentzat San Mames?

TIRAPU: Oso leku berezia da. Oroitzapen zehatzak ditut, argazkiak izango balira bezala. Zelai zaharrean aldagelatik jarraitzaileen bultzada entzuteak ematen zidan atentzioa. Zelai berriko oroitzapenak ikuskizunarekin lotzen ditut. Ez ditugu partida asko jokatu, baina oso bereziak izan dira. Kirol arloan garrantzitsuak izan dira. eta, gainera, magikoa den estadio batean jokatzeak berezi egiten ditu oroitzapen guztiak.
IRIBAR: Niretzat San Mamesen zaleekin elkartzeko lekua da. Partida eguna iristeko irrika izan dut beti. Taldeak eta jarraitzaileek bat egiten duten momentu hori berezia da. Hori kendu digute egoera berri honetan.

Jendeak egiten du berezi Katedrala?

IRIBAR: Noski. Estadioa erakin bat besterik ez da. Zaleek ematen diote bizia San Mamesi.
Ainhoa, zuek 48.000 lagun elkartu zenituzten San Mamesen.

TIRAPU: Inoiz ahaztuko ez dudan eguna izango da. Emakumezkoen taldeak San Mamesen jokatzen duen bakoitzean, jendetza biltzen da. Horrek esan gura du taldeak babes handia daukala. Emakumezkoen futbolean ez da erraza. Horrek berezi sentiarazten gaitu. Finean, Athletic familia bat da. Dena egiten dugu elkarrekin. Eta zaleak ere horren guztiaren parte dira.

Erretiroa hartu berria zara. Barneratu duzu ez duzula gehiago gorengo mailan jokatuko, edo denbora beharko duzu?

TIRAPU: Denboraldia hasi zenetik, argi nuen azkena izango zela. Egia da ez nuela horrela amaitzea espero, baina beste urtebete jarraitzea oker handia izango zen. Klubak ni sasoi betean egotea merezi zuen, eta ez nekien gai izango nintzen eskaera horri aurre egiteko.

Jokalari askori kosta egiten zaie futbola utzi eta bizimodu berrira egokitzea. Hutsune handia izaten dute denbora batez. Jose Angel, zuk ere txarto pasatu al zenuen?

IRIBAR: Nik ez nuen arazorik izan. Beharbada, ez nintzelako futboletik aldendu izango zen. Izan ere, erretiroa hartu bezain laster, teknikari lanetan hasi nintzen Athleticen. Bestalde, Ainhoak egin duen gisara, nik erabaki nuen futbola uztea. Klubak jarraitzeko eskaintza egin zidan, baina ni ez nengoen sasoian. Nire ustez, oso garrantzitsua da erabakia hartzeko orduan asmatzea. Nik ez nuen futbolaren falta sumatu. Baina uzteko zalantza izan, eta erretiratu diren futbolari asko ezagutu ditut futbola lagatzea oso gogorra egin zaiena. Erretiroa hartzearekin bat, gauza asko amaitzen dira: soldata handiak, bidaiak, lan saioak... dena aldatzen da. Pausoa gaitza eta gogorra da.

Zortekoak izan zarete. Norberak erabakitzea noiz erretiroa hartu gauza handia da.

IRIBAR: Duda barik.

TIRAPU: Lesioak behartuta edo lan munduari lehentasuna ematearen ondorioz utzi duten taldekideak ezagutu ditut. Ez da inoren gustukoa. Nire kezka bakarra eguna iristean gauzak argi izatea zen. Hau da, momentua ondo aukeratzea. Eta hala izan da. Ez nuen nahi urtebetez futbola gorrotatuz jokatzea. Errespetua ematen duen momentu bat da. Bestalde, gizonezkoetan futbolariek koltxoi handia dute aurrera egiteko, baina gehienetan ez du bizitza osorako ematen.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Berria.eus

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide