Aldeak murrizten jarraitzen du Zarautz Babyautok

Aritz Mutiozabal 2020ko abuztuaren 8a

Ares eta Lekittarra atzean utzi dituzte zarauztarrek Hondarribiko estropadako sailkapen orokorrean.

Hasiera-hasieratik estropada serioa egiteko borondatea ikusi zaio Zarautz Babyautori Honbarribiko XXXIII. Banderan. Lehen txandako lehen kaletik jokatu du estropada, eta lehen luze eta erdian buru joan da Ondarroa orpoz orpo izan duela. Ondoren, egoera aldatu egin da, eta ondarroarrak jarri dira aurretik, eta bigarren postuan jarri dira zarauztarrak hiruzpalau segundora Bazirudien Ares atzean geratzera zihoala, baina azken luzea benetan borrokatua izan da Enbataren eta Galiziako traineruaren artean.

Azkenenean, Ondarroak irabazi du lehen txandan eta Zarautz Babyautorentzat izan da bigarren postua; Ares sailkatu da hirugarren eta Kaiku laugarren, oso atzeratuta; sailkapen orokorrean bederatzigarren sailkatu dira Aresez gain, Lekittarra atzean utzita.

Beraz, Eusko Label ligako sailkapeneko beheko postuetako aldeak murrizteko pauso bat gehiago eman dute gaurkoan Gari Urangaren mutilek. Hamaikagarren postuan jarraitzen dute, 32 punturekin; Ares hamargarren dago 35 punturekin, Ondarroa bederatzigarren 37 punturekin eta Lekittarra zortzigarren 39 punturekin.

Santurtzi izan da jaun eta jabe gaur arratsaldean Hondarribiko uretan. Sekulako erakustaldia eman du Sotera traineruak ohorezko txandan, eta ligako lehen bandera erdietsi du; lider den Urdaibairekin berdinduta dago orain, 88 punturekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide