"Nekatu samar" harrapatu du HITZAk ZAEko Ekhi Illarramendi arraunlaria Lekeitiotik Zarautzera bidean, baina "horrelako emaitzekin ondo eramaten da", zehaztu du. Txanda irabazita, laugarren sailkatu da gaur Enbata Lekeitioko itsasoan, eta ligako sailkapen orokorrean hamaikagarren postuan jarraitu arren, zazpi puntuko aldea ateratzen dio Zarautz Babyautok Kaikuri, eta goian, Ondarroarekiko aldea murriztu egin du gaur hari irabazita. 28 puntu ditu Zarautzek, eta 32 Ondarroak eta Aresek, hamargarrenak eta bederatzigarrenak, hurrenez hurren.
"Atzoko emaitza eta gero, gaurko helburua zen txanda irabaztea, eta estropada nahiko txukuna atera zaigu. Hasieratik konfiantza handiarekin atera gara, eta erreferentziak gure alde jarri direnean, askoz lasaiago egin dugu arraunean. Ondarroarekin borroka pixka bat eduki dugun arren, estropada dominatu samar eduki dugula esan genezake".
Olatuaren bila
Sentsazio onak izan dituzte, gainera, uretan. "Hasiera-hasieratik, beroketetatik, nahikoa sentsazio onak eduki ditugu, ikusten genuen estropada eremuan, batez ere bukaerako zatian, olatua nabarmenagoa zela, eta egin dugun irakurketa izan da azken minutu hori aprobetxatu behar genuela, eta ziaboga aurrenak eman, olatua hartu eta diferentzia zabaltzeko. Eta halaxe izan da. Lehen luzean pare samar joan gara, eta aprobetxatu dugu momentu hori tartea zabaltzeko; ziaboga eman orduko lehen olatu hori hartzea bagenekien garrantzitsua zela, psikologikoki kolpea ematen duelako hor alde egiteak".
"Kanporaka hirugarren eta laugarren kalekoak azkarxeago aterako zirela bagenekien, korronteak lagunduta, eta pixka bat hala izan da, hasieran. Baina gero lortu dugu alde egitea, eta tarte handia lortu dugu Ares eta Kaikurekiko. Bagenekien Ondarroak bueltan gerra emango zigula ,gainera kalea ere halakoxea zeukan, baina tira".
Beste txandetan gertatu denaz, ez du askorik esan nahi Illarramendik. "Guk gure txanda irabazi nahi genuen. Gainerakoa ez dago gure esku. Asko haizearen esku egoten da. Atzo eguraldia eta marea kontra geneuzkan bezala, gaur bagenekien gure alde eduki genitzakeela. Eta horrelako egunetan klabea da tartea irabaztea eta txanda irabaztea, zer esanik ez aurten bezala, hain tarte gutxi dagoenean gure aurreko taldeekiko". ZAEko arraunlari beteranoak argi du nork bere partea bete behar duela, haizea aldeko dagoenean aprobetxatuta, eta kontra denean, berriz, ahalik gutxien galduta.
Zoriaren eta detaileen garrantzia
Gainera, tarte txikia ikusten du sailkapeneko behealde horretan dauden taldeen artean, eta beraz, "detaile txikiek eragiten dute balantzan; kaleen arteko desberdintasunek, ibaiaren ibilbidea nondik hartu, zer bide hartu... Detaile txikiek postuak markatzen dituzte, eta postuak puntuak dira", esan du.
Zoriak ere asko eragiten du arraunean Illarramendiren ustez, eta jakin egin behar da hori kudeatzen. "Uste dut kontra dugunean ez ditugula horrenbeste puntu galtzen, eta alde dugunean, berriz, aprobetxatu egiten dugula. Hor dago gakoa. Liga luzea da, eta baldintza guztietan borrokatu behar da, denoi tokatuko zaigulako batzuetan baldintza hobeagoetan jokatzea eta besteetan okerragoetan".
Bestalde, gogorarazi du arrauna ez dela matematika, eta zaletu batzuek aipatu izan badute ere ZAEk beti maila hobea ematen duela larunbatetan igandeetan baino, oraingoan alderantziz izan dela. "Ez da nahita egiten dugun zerbait, hau ez da matematika". Kontuak kontu, pozik da badakielako igande eguerdietan herriko taberna batzuetan giro polita sortzen ari dela arrauna eta Enbata jarraituz.
Bi asteburutan ligarik ez
Datozen hitzorduei dagokienez, San Inazio egunez Euskadiko Txapelketa jokatuko dute zarauztarrek Lekeition, eta asteburu horretan ez da ligako jardunaldirik egongo. Ezta hurrengoan ere, Espainiako Txapelketa egingo baitute Galizian.
Burua ligan dute zarauztarrek, eta entrenatzen jarraitzeko aprobetxatuko dute ligako geldialdi hau. "Gaurko emaitza hau garrantzitsua da estrategikoki, animoekin entrenatzen jarraitzeko datozen bi asteetan. Gustura gaude", esan du Illarramendik.