Enbatak estriborrera jo du Lekeitioko estropada hasi orduko, eta lan ona egin du Aitzol Garro patroia buru zuen taldeak lehenengo ziabogara arte, eta baita horren ondotik ere, bere txandan aurretik joan delako. Ondarroa segundo batera gerturatu zaio Zarautzi bigarren ziabogara iristear, eta pare-parean sartu dira. Zarautz atera da azkarrago ziabogatik, eta zortzi segundo atzetik gelditu dira Ares eta Kaiku.
Hirugarren ziaboga ere aurretik hartu dute zarauztarrek, Ondarroa baino lau segundo aurrerago. Bandera urdina atera dio epaileak Zarautzi, bere kalera joan zedin. Olatua galdu du, eta Ondarroa gerturatu egin zaio. Ondarroak hartu du olatua, eta pare-parean jarri dira bi taldeak.
Lehia dotorea eskaini dute zarauztarrek eta Ondarroakoek, baina Zarautz helmugaratu da aurrena. Epaileek berehala esan diote hiru segundoko zigorra ezartzen diotela, baina hala ere aurrena gelditu da Enbata bere txandan, ehuneneko batzuen aldeagatik.
Gari Uranga entrenatzaileak, estropada aurretik, ETB1i hala esana zion: "Gaur borrokatzera goaz. Atzekoari begiratzen diogu, baina aurrekoari ere bai. Oso estu joango dela uste dugu, eta dena ematera aterako gara".
Estropadaren ostean, Aitzol Garro patroiak ere egin ditu adierazpenak: "Oso gustura gaude, oker ez banago lau puntu atera dizkiogu Kaikuri, eta garrantzitsua zen hori". Epaileek jarritako zigorrari dagokionez, ez du kexarik agertu.
Ondarroari, Aresi eta Kaikuri irabazita, puntu garrantzitsuak eskuratu ditu gaur Zarautzek. Kaikuri aldea ateratzea zen bereziki garrantzitsua, baina baita goikoengana gerturatzea ere, eta biak lortu ditu Enbatak gaurkoan.
Ohorezko txandaren aurretik, Zarautzek sei talde utzi ditu atzean.
1. Txandako sailkapena
1.Zarautz: 20:20,92
2. Ondarroa: 20:21,14
3. Ares: 20:30,00
4. Kaiku: 20:31,04