Euskaraldia 2020

Euskaraldiko materiala ikusgai dago Etxezabalako erakusleihoan

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 26a, 09:50

Poltsak, mantalak eta kamisetak atera ditu Euskaraldiak, eta jada salgai daude aurreneko biak Turismo Bulegoan. Euskaraldia.eus atarian ere badago material gehiago herritarren eskura.

Zozoak beleari... euskaraz! Esaera zaharra moldatu, eguneratu, eta hainbat tamaina eta koloretako elastiko edo kamisetetan inprimatu dute Euskaraldiko arduradunek. Etxezabalako erakusleihoan daude ikusgai poltsak, kamisetak eta mantalak, eta horietako batzuk herrian bertan eros daitezke. Izan ere, Turismo Bulegoan jarri dituzte salgai poltsak bost euroan, eta mantalak, berriz, 10 euroan.

Zarauzko Euskaraldiko kideek jakinarazi dute kamisetak eta bestelako materiala eros daitekeela euskaraldia.eus webgunean ere.

Zarauzko batzordea, lan eta lan

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da aurten Euskaraldia, eta iazko ahobizi eta belarriprest rolez gain, aurten entitateak ere inplikatuko dituzte euskararen aldeko ariketa sozialean. Hala, elkarte, talde, erakunde nahiz enpresetan ariguneak sortzea da helburua; alegia, euskaraz aritzeko espazioak.

Zarautzen urrian hasi ziren lanean herriko Euskaraldiko batzordekoak, Alazne Aizpurua dinamizatzailearen koordinaziopean. Martxoan, ordea, asmo guztiak hankaz gora jarri zitzaizkien COVID-19 birusaren eraginez ezarritako alarma egoeragatik. Plangintza egokitu, eta lanean jarraitu dute, baina irailerako utzi behar izan dituzte lan batzuk. Adibidez, aurtengo helburu nagusia entitateen inplikazioa lortzea izanik, uda ondorenean helduko diote bereziki arlo horri.

Ez dira hutsetik hasiko, ordea. Dagoeneko era askotako entitateekin daude harremanetan eta azaldu diete zertan datzan aurtengo Euskaraldia. Izena ere ari dira ematen tantaka-tantaka, eta harrera ona eduki du aurtengo egitasmoak.

Herriko eragileekin ere aurkezpenak egin ahal izan zituzten alarma egoeraren aurretik, eta beraz, batzuk jada emanda dute izena, eta hausnarketa lanean ari dira beste batzuk.

Entitateek irailaren amaierara arteko epea edukiko dute Euskaraldian izena emateko. Informazio gehiago Zarauzko Euskaraldiko webgunean aurki daiteke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide