Lau koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken orduetan Zarautzen

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 24a, 14:25

Eskualdean sei kasu atzeman dituela jakinarazi du Osasun Sailak: Zarauzkoez gain, beste bana Aiakoa eta Oriokoa dira. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian 134 positibo egon dira PCR probetan. Azken asteko emaitzei erreparatuta, Urola Kostan guztira 92 kasu atzeman dituzte joan den asteazkenetik.

Osasun Sailak eman dituen azken datuen arabera, Zarautzen lau koronabirus kasu berri daude, eta kasu berri bana daude Aian eta Orion. Urola Kostan, beraz, sei kasu berri atzeman dituzte PCR probetan azken orduetan. Aurreko egunean zazpi izan ziren, orduan ere lau Zarautzen, eta bi Orion eta bat Zumaian. Aste osoko datuak begiratuta, berriz, eskualdean 92 kasu zenbatu dituzte (joan den asteazkenetik atzo arte). Herriz herri begiratuta, kostan egon dira positibo ia guztiak, gehien-gehienak Zarautzen: Aian hiru positibo egon dira; Azpeitian bat; Getarian lau; Orion hamabi; Zarautzen 70; eta Zumaian bi.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 134 positibo berri egon dira azken orduetan, gehienak Bizkaian, han 86 kasu atzeman baitituzte. Araban hamahiru dira kasu berriak, eta Gipuzkoan, berriz, 35. Guztira 4.424 PCR proba egin ziren atzo.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide