Beste lau herritarrek eman dute positibo PCR probetan

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uztailaren 23a

Zazpi kasu berri atzeman dituzte eskualdean azken orduetan: lau Zarautzen, bi Orion eta bat Zumaian. Atzo baino hiru pertsona gehiago dira positibo eman dutenak PCR probatan.

Bi egunez jarraian bi kasu atzeman ondoren, atzo Osasun Sailak bildutako datuetan, beste lau lagun dira Zarautzen positibo eman dutenak PCR probatan. Joera lasaitu zela zirudien, baina gorantz egin du gaur.

Eskualdean, lautik zazpira

Orioko bi eta Zarauzko beste bi kasuren berri eman zuen atzo Osasun Sailak, astelehenean egindako proben emaitzetan. Gaur, berriz, adierazi dute eskualdean zazpi pertsonak eman dutela positibo PCR probatan: Zarauzko lau herritarrez eta Orioko biez gain, Zumaian kasu berri bat azaldu da; uztailaren 18tik ez zen halakorik ematen.

Gipuzkoan, antzera

Atzo 37 izan baziren, gaur 38. Ia bikoiztu egin zen datua asteartetik asteazkenera (20tik 37ra), eta gaurkoa atzokoaren antzerakoa da.

Ordiziako ostalariak, lehengo neurrietara

Gaur goizean eman du jakitera Eusko Jaurlaritzak: ostalaritza establezimenduetan jarritako neurriak arinduko dira Ordizian gauerditik aurrera, agerraldia "kontrolatuta eta arinduta" dagoela iritzita. Zarautzen ere neurri berberak jarri zituzten, baina indarrean diraute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide