Bi COVID-19 kasu berri atzeman dituzte Zarautzen

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko uztailaren 21a

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuei erreparatuz gero, 90 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan, eta horietatik 20 Gipuzkoan hauteman direla azaldu du Osakidetzak.

Azken egunetan kezka sortu da, nabarmen gora egin duelako COVID-19arekin kutsatutako lagun kopuruak herrian. Dena dela, joera lasaitu dela dirudi, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, bi positibo berri bakarrik atzeman dituztelako Urola Kostan. Bi kasu berriak Zarautzen hauteman dituzte, baina larunbatean detektatutako 38 positibotatik urrun dago datua.  

Gipuzkoan 20 kasu berri
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuei erreparatuz gero, 90 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan, eta horietatik 20 Gipuzkoan gertatu direla azaldu du Osakidetzak. Kutsatuen adin tarteari dagokionez ere, joera aldaketa nabari daiteke konfinamendu garaiko datuekin alderatuta, 90 kasutatik 25 positibo 10-19 urte bitarteko haur eta gaztetxoen artean atzeman dituztelako, eta 16 koronabirus kasu 20-29 adin-tartean. Txikia izan da, ordea, azken egunetako agerraldien eragina 60 urtetik gorako herritarrengan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 9 kasu atzeman baitituzte adin tarte horretan, azken orduetan.

Osakidetza kasu positibo guztien jarraipen zorrotza egiten ari da, eta jakinarazi dute atzo 3.682 PCR test egin zituztela, kutsatuak identifikatu eta gaitza gizartean zabaldu ez dadin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide