Xabier Txurruka alkateak bi mezu eman nahi izan ditu gaur eguerdian egin duen agerraldian. Batetik, "lasaitasuna" helarazi nahi izan du. "Hasiera batean kezkagarriak izan zitezkeen datuak. Aurreko astean jende pilaketetan parte hartu zuten herritarrei egin zaizkie probak, eta horiek orain jakin ditugu, eta, igandean, horien ingurukoei egin zaizkie probak. Datuak iristen ari zaizkigu, baina ikusten ari gara ez dela transmisiorik egon. Kutsatu bakanen bat, baina ez da orokorra. Beraz, albiste ona da".
Txurrukaren arabera, egin diren PCR proba guztietatik 38k eman zuten positibo larunbatean, eta 11k, atzo. Gogorarazi du 2.000 PCR baino gehiago egin direla ostiraletik igandera. Hain zuzen, Osasun Sailaren datuen arabera, ostiralean 12 PCR positibo egon ziren Zarautzen. "Zarauzko biztanleriaren %10 inguruk egin du proba, eta behar diren guztiak egingo ditugu, betiere jarraipena egiten ari diren profesionalek jarritako irizpideei jarraituz".
Bestalde, "eskaera zuzena" egin die alkateak positibo eman duten herritarrei: "Etxean bakartuta daudenei eskatu nahi diet osasun langileek emandako irizpideak egoki bete ditzatela eta arduratsu joka dezatela, transmisiorik egon ez dadin".
Udalekuei dagokienez, horiek bertan behera gelditu dira, baina lasaitasunerako deia egin du, eta esan du prebentzio neurri gehiago hartu ala ez datu epidemiologikoek esango dutela.