Udalak antolatutako udalekuetako koordinatzaileak HITZAri gezurtatu dio atzo iluntzean zenbait hedabidek zabaldu zutena: bertan behera utzi dituztela Zarauzko udaleku irekiak. Momentuz, udalekuetako arduradunek ez dute halako erabakirik hartu, oraindik ez dituztelako jaso begirale, arduradun eta haur guztien proben emaitzak.
Begiraleetako bat kutsatu zela eta, ostegunean hasi ziren gainontzeko begirale guztiei PCR probak egiten; baita arduradun eta haurrei ere. Atzo amaitu zituzten proba guztiak eta, momentuz, beste begirale batek eta haur batek eman dute positibo. Aurten aisialdi ekintzak neurri bereziekin ari dira egiten, talde txikietan banatuta; hiru kutsatuak talde berekoak dira, eta hirurak isolamenduan daude une honetan.
Koordinatzaileak azaldu du behin emaitza guztiak dituztenean hartuko dutela hartu beharreko erabakia. Kutsatzeak aipatutako talde horretatik harago ez badira zabaldu, udalekuekin aurrera egingo dutela baieztatu du.