"Asteazkeneko gertakarien ondoren eta ordu batzuz bizi izan genuen egoera gaindituta, ohiko jarduera berreskuratu dugu jada", adierazi dute Talai Mendi kanpineko arduradunek gaur arratsaldean zabalduko oharrean. PCR probak egin zizkieten bezero zein langile guztiei, bi bezero ohik positibo eman zutelako.
Asteazkeneko probatan bi kasu gehiago atzeman zituzten, eta Osasun Sailak baztertu egin zuen agerraldi komunitarioaren ideia. Kanpineko arduradunek jakinarazi dute Osasun Sailetik bideratu direla gertakariak, eta positibo eman dutenak isolaturik aurkitzen direla. Horrez gain, "beharrezkoak diren desinfekzioak" egin dituztela gaineratu dute.
"Eskerrak eman"
"Eskerrak eman nahi dizkiegu gure bezeroei, jarrera eredugarria erakutsi zuten eta testak egiteko prozedurak iraun zuen bitartean". Gurutze Gorria eta Gizarte Zerbitzuko langileak bertan izan ziren, baita herriko ostalarien Zurekin elkartea ere, otorduak eramaten; horiei ere euren esker ona adierazi nahi izan die. "Erakutsi ziguten elkartasunak hunkituta utzi gaitu".
Kanpinak "normaltasunez funtzionatzen jarraitzen" duela adierazi dute oharraren amaieran.