Otzarreta enpresak iazko abenduan eraman zuen bere jarduna Abendaño industrialdera. Aste honetan hasi dira eraisten pabilioi zaharra, Euskal Trenbide Sarearekin martxan jarritako plana abian jartzeko.
Xabier Txurruka alkatearen ustez, eraisketa honek "eskatutako espazioa lortzea ahalbidetzen du", geltoki berria pasabidez elkartu ahal izateko Salberdinekin. "Proiektu honek Gaiztainpe eta Lapurdi kaleak Salberdin parkearekin komunikatuko ditu, eta parke hau Zarautz erdiguneko birika berdea izango da etorkizunean".
Obren lizitazioaren inguruko "berri onen zain" dagoela adierazi du alkateak: "Gure ustez, proiektu estrategikoa da, trenbidearen bi aldeen arteko komunikazioa eta oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna erraztuko duena. Gainera, mugikortasun urriko pertsonentzat erabat irisgarria izango da".