Talai Mendi kanpinean agerraldi komunitariorik ez dagoela ondorioztatu dute

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 16a, 17:42

Langileei eta bezeroei PCR probak egin dizkiete bi bezero ohik positibo eman dutelako. Bi positibo gehiago atzeman dituzte; osasun agintariek adierazi dute ez dagoela koronabirusaren agerraldi komunitariorik.

Atzo arratsaldean PCR probak egiten hasi ziren Talai Mendi kanpineko langile eta bezeroei. Emaitzak jakinarazi arte, prebentzio neurri gisa, kanpinetik ez ateratzeko eskatu zieten han zeuden bezeroei; eta langileei berdin, etxean egoteko. Kanpina itxita egon dela zabaldu dute hainbat komunikabidek, baina ez da hala izan; izan ere, bezeroek etxera joateko aukera izan dute. Etxera joateko hautua egin dutenei berrogeialdian egoteko eskatu zaie. Ertzaintza arduratu da, bitarte horretan, sarrera-irteerak kontrolatzeaz.

Osasun agintariek jakinarazi dute aurreko astean kanpinean egondako bi bezero horien positiboaz gain, beste bik eman dutela positibo proban. Bat kanpineko langilea da, eta etxean dago itxialdia egiten. Bestea bezeroa da, eta bera eta berarekin kanpinean zeudenak ere itxialdian daude. Hasieran kanpinean bertan egokitu diete horretarako leku bat, baina, Osasun Sailak jakitera eman du laster hotel batera bideratuko dituztela. Emaitza guztiak jakin ostean baztertu dute birusaren agerraldi komunitarioaren ideia.

Osasun Sailak gaur goizean argitaratutako txostenaren arabera, lau dira PCR proban positibo eman dutenak. Birusa herri batean eta bestean berragertzen hasi dela eta, hainbat neurri hartzen ari da Osasun Saila. Azkena, Zarauzko, Eibarko eta Tolosako ostalaritzan murrizketak ezartzea. Bihar sartuko dira indarrean neurri berriak hiru herri horietan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide