Talai Mendi kanpinean PCR probak egiten dabiltza, bi bezero ohik positibo eman ostean

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uzt. 15a, 18:33

Udaltzaingoa ari da zaintzen Talai Mendi kanpineko sarrera-irteerak, eta Ertzaintza joan-etorrian dabil. (Amaia Urbieta Arruti)

Aurreko astean kanpinean egondako bi bezerok positibo eman dute. Langileei ere probak egin dizkiete eta etxera bidali dituzte. 250 bezerori eskatu diete ez ateratzeko probaren emaitzak izan arte. Iñurritzako biotopoko bidea itxita dago une honetan.

Talai Mendi kanpinean aurreko astean egondako bi bezerok positibo eman dute COVID-19aren PCR testean, Osasun Sailak baieztatu duenez. Azaldu du ikertzen ari direla positibo eman duten pertsonak non izan diren kutsatuak, eta biak kanpinean egonak zirenez, gaur arratsaldean bertan PCR testak egitea erabaki du Osasun Sailak. Hori dela eta,  kanpina itxi dute eta bertan izan dira Osasun Saileko langileak, bezeroei probak egiten.

Langile guztiei probak egin dizkiete eta etxera bidali dituzte. Bertan dauden 250 bezeroei, berriz, eskatu diete ez ateratzeko bertatik, baina, Osasun Sailak jakitera eman duenez, ez dituzte han geratzera behartu. Bihar goizean izango dituzte proben emaitzak, eta, bien bitartean, kanpoko beste inor ezin da sartu bertara. Kanpineko arduradunak eman dio gertatuaren berri HITZAri, eta espero du laster dena bere onera itzultzea.

Ikusmin handia sortu da arratsaldean Talai Mendi inguruan, eta Xabier Txurruka alkateak gertatuari buruzko adierazpenak egin dizkio bertara hurbildu den prentsari. Azaldu du barruan daudenak "lasai" daudela, eta txalotu egin du Osakidetzako langileen azkartasuna.

Proba egiteko deia

Ikerketa behar bezala aurrera eramateko, deia egin diote uztailaren 8tik aurrera Talai Mendi kanpinean izan den jendeari PCR proba egin dezan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide