Getariako Dona Doni izozki dendarekin zerikusia izan dutenei koronabirus probak egingo dizkiete

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 15a, 18:19

Zortzi dira dagoeneko Getarian positibo eman duten lagunak, Getariako Udalak konfirmatu duenez. Politena tabernarekin harremana izan zutenak PCR probak egitera animatu zituen atzo Osasun Sailak; gaur Dona Doni izozki dendarekin zerikusia dutenei dei bera egin die.

Handitzen doa Getariako fokuan positibo eman dutenen kopurua. Getariako Udalak konfirmatu duenez, zortzi dira dagoeneko positibo eman duten lagunak. Goizean zehar, uztailaren 9tik 12ra bitartean Politena tabernan izan ziren lagunei PCR probak egin dizkiete Getariako kiroldegian. Orain Dona Doni izozki dendan izan zirenei egiten zaie deia, koronabirusaren probak pasa ditzaten.

Azken egunetan hainbat pertsona identifikatu ditu Osasun Sailak, eta haien artean Getariako Kale Nagusiko Dona Doni izozki dendarekin lotura bat aurkitu du. Horregatik, uztailaren 9tik 13ra bitartean ostalaritza lokal horretan egon diren guztiekin harremanetan jarri nahi du Zaintza eta Kontrol sareak. Getariarrei bakarrik ez, Zarauzko eta Zumaiako bizilagunei ere dei egiten die sare honek. 

Zarauzko bizilagunek herriko osasun zentrora deitu beharko dute, 943-00 79 99 telefono zenbakira. Bertan PCR proba bat egiteko aurretiko hitzordua emango zaie, bihar goizeko 09:00etatik aurrera. Proba horiek 09:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:00etara bitartean egingo dira, Getariako kiroldegian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide